Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura

Espeziak eta ongailuak sukalderako

Janaria norbere gustura ontzeak ez du esan nahi gatz gehiago edo gutxiago botatzea. Espezieen eta ongailuen munduak zapore aukera zabala eskaintzen du, askotariko eta gustu guztietarako zapore aukera. Badaude espezia leunak, baita ukitu mina daukatenak ere; gozoagoak edo mikatzagoak; oso aromatikoak edo ia aromarik gabeak… Ezin konta ahala aukera dago.

Sukaldean espeziak erabiltzeak janariari gatz gutxiago botatzeko aukera ematen digu; horrela, gure osasuna zainduko dugu, gaixotasun kardiobaskularrak edo giltzurrunetako arazoak izateko arriskua murrizten ariko baikara. Gainera, ongailu horietako asko lagungarriak dira digestio-aparatua babesteko; beraz, digestio arinagoak izango ditugu, eta hobeto asimilatuko ditugu elikagaiak.

Baina, zein espezia erabil dezakegu, eta zein elikagairekin konbinatzea aholkatzen zaigu? Ikus ditzagun jarraian espeziarik osasungarrienetako eta sukaldean gehien erabiltzen direnetako batzuk.

Albahaka

Albahaka da, beharbada, ongailu ezagunenetako bat. Belar aromatiko hori dieta mediterraneoarekin oso lotuta dago eta, batez ere, italiar sukaldaritzarekin; Italian ez dago albahakarik gabeko pizzarik, entsaladarik edo pasta-platerik. Baina, egiatan, landare hori mundu osoan erabiltzen da, eta oso ondo datorkio ia edozein plateri. Osasunari dagokionez, albahakak hanturaren eta minaren aurkako dohainak ditu, eta gomendagarria da asma kasuetan, arnasbideak erlaxatzen baititu.

Kurkuma

Albahakak bezala, kurkumak ere hanturaren aurkako substantziak ditu, beraz, ezin hobea da giharretako mina jasaten duten pertsonentzako. Baina bere dohainik nabarmenena da oso onuragarria dela urdailerako, digestioa erraztu eta azidotasuna saihesten baitu. Oso espezia egokikorra da hau ere; Indian oso erabilia den arren, zapore bikaina ematen dio edozein arrain edo haragi plateri, entsaladei edo barazkiei.

Jenjibrea

Jenjibrea era askotara kontsumi daitekeen sustrai bat da: freskoan, lehortuta, birrinduta... Zapore berezia dauka, eta plater gozo zein gazietan erabil daiteke ongailu gisa. Haragiarekin erabiltzen baduzu, zukutsutasuna emango dio; eta lekaleekin erabilita, digestioa hobeto egiten lagunduko dizu. Bere dohainen artean, emakumearen ongizatearekin lotutakoak nabarmentzen dira, batez ere: hilekoaren minak arintzen ditu, eta haurdunaldiko goragaleak arintzen ere lagun dezake. Gainera, berotasuna ematen du; beraz, oso egokia da bereziki hozberak direnentzako.

Kuminoa

Digestioa egiten laguntzen du, haizeen pilaketa saihesten baitu. Horregatik, infusioan hartzeaz gain, askotan erabiltzen da lekaleekin egindako gisatu eta eltzekoetan ere, bai eta beste plater batzuetan ere, txitxirio-humusean, esaterako.

Kanela

Batez ere, gozogintzan eta azken-burukoak prestatzeko erabiltzen da kanela: arrautzesnea, arroz-esnea, krema gozoak edo turroizko enpanadilla hauek egiteko, besteak beste. Baina, harrigarria dirudien arren, plater gazi batzuetan ere aurki dezakegu; adibidez, haragizko betegarriak eta arrain-saltsak prestatzeko, edo barazki-saldei laguntzeko. Eta, jakina, kanelak ere badauzka osasunerako onurak. Zirkulazio-arazoak hobetzen laguntzen du eta, gainera, odoleko glukosa-maila erregulatzen du; beraz, oso lagungarria da diabetesa duten pertsonentzako.

Orain, goazen mantala jantzi eta aukeraketa egitera. Zein espezia aukeratuko dugu gaur?