
Zaindu ezazu zure burua
Dermatitis atopikoa: ze erlazio du elikadurarekin?
Dermatitis atopikoa (DA) larruazalaren gaixotasun bat da, eta azkura, hantura, gorritasuna eta lehortasuna izaten dira haren ezaugarri nagusiak. Haurtzaroan hasi ohi da, eta baliteke helduaroan ere jarraitzea, nahiz eta helduaroan ere ager daitekeen lehen aldiz. Bilakaera kronikoa du, eta agerraldiak izan ohi ditu.
DAren sintomak ezberdinak izaten dira, pertsonaren adinaren arabera. Horrela, bada, haurrek lehortasuna, azkura, larruazalaren ezkatatzea eta buru-azalean eta masailetan erupzioak izaten dituzte, batzuetan likidoa jaria dezaketenak. Ukalondoetan, belaunetan edo lepoan ere ager daitezke erupzio horiek.
Helduen kasuan, sintomak berberak dira, baina lesioak belaun atzean, ukalondoan, garondoan eta aurpegian agertu ohi dira, batez ere begi inguruan.
Dermatitis atopikoaren kausak:genetika eta elikadura?
Ez dakigu ziur zein diren patologia honen kausak, baina badirudi zelula immunitario gehiegi sortzearen ondorioz gertatzen dela, eta horrek hantura eragiten duela. Genetikak ere eginkizun garrantzitsua betetzen du, izan ere, gurasoetako batek edo biek DA izateak nabarmen handitzen du haurrak ere gaixotasuna izateko aukera.
Halaber, gero eta profesional gehiagok ikusten du elikaduraren eta dermatitis atopikoaren arteko erlazioa; hain zuzen ere, gaixotasun hau duten haur askok izaten ditu elikadura-intolerantziak eta/edo alergiak.
Badirudi, gainera, hesteetako mikrobiotaren egoerak ere eginkizun garrantzitsua duela patologia honetan, ikusi baita hura osatzen duten bakteriak eta haiek betetzen dituzten funtzioak nahasita daudela dermatitis atopikoa duten pazienteetan.
Nola zaindu larruazala dermatitis atopikoa izanda
Larruazalean lesio horiek izanda, nahasmenduak sortzen dira larruazalaren babes-hesian, eta horrek alergenoen, substantzia narritagarrien eta patogenoen penetrazioa errazten du. Horregatik, oso garrantzitsua da larruazala ondo hidratatuta izatea, eta ekzema-lesioak ager daitezen saihestea.
Garrantzitsuena da larruazala egunero zaintzea, broterik ager ez dadin. Horretarako:
1. Bainu laburrak egin behar dira, ur epelarekin eta larruazala errespetatzen duten xaboiekin. Syndet deritzenak (‘Xaboirik gabeko xaboiak’ ere deitzen zaie) askoz suabeagoak dira, eta larruazalaren lipido-geruza errespetatzen dute.
2. Bainatu ondoren, oso ondo lehortu behar da larruazala. Hobe kotoizko toallak erabiltzea eta larruazala ez igurztea; lehortu gorputza ukitu txikiekin, toallak hezetasuna absorba dezan.
3. Larruazala sarri hidratatu behar da. Horretarako, krema emolienteak dira egokienak; hidratatzaile konbentzionalek baino formula koipetsuagoa dute, eta sakonago barneratzen da larrualzalean, haren babes-hesia hobetuz. Egunean bizpahiru aldiz aplikatzea gomendatzen da.
4. Saihestu egin behar dira muturreko tenperaturak. Gehiegizko hotzak zein beroak okerragotu egin ditzakete DAren sintomak. Hotzak larruazala lehortu egin dezake, baina berotasunak eta izerditzeak azkura eragin eta sintomak okerragotu ditzakete.
5. Kotoizko jantziak erabiltzea lehenetsi behar da. Zuntz sintetikoek larruazala narritatu dezakete. Halaber, detergenterik ez erabiltzea gomendatzen da.
6. Elikadura zaindu behar da. Ez dagoen arren baztertu beharreko jakirik, medikuak halakorik agintzen ez badigu behintzat, elikadura orekatua eta zuntz kopuru handikoa(frutak, barazkiak, lekaleak) jarraitzeak eta jaki prozesatuak saihesteak murriztu egiten du hantura eta, beraz, DAren sintomak kontrolatzen laguntzen du. Probiotiko naturalek ere –jogurta, kefirra, chucruta, etab.– aberastu egiten dute hesteetako mikrobiota, eta badirudi efektu onuragarriak dituztela.
7. Norbere burua zaintzea. Frogatu da estresa hantura-prozesuak sortzen dituen faktorea dela. Erlaxazio-teknikak erabiltzea, ariketa fisikoa egitea, higiene egokia izatea eta lo-ziklo onamantentzea lagungarriak izan daitezke gaixotasuna kontrolatzeko.
Ondo zaindu arren, lesioak agertzen badira, eta azkura, gorritasuna, hantura eta beste eragiten badituzte, medikuari kontsulta egitea komeni da.
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |