Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Trukuak

Uda alaitzeko 6 ongailu edo ozpin-olio

Beroarekin, beti egoten da jaki fresko, arin eta prestatzeko errazak jateko gogoa. Entsaladak dira urtaro honetako izarra, baina beti modu klasikoan jartzen badituzu, olioz, ozpinez eta gatzez onduta, azkenean amorrua hartuko diezu. Zergatik ez duzu proba egiten bestelako ongailu edo ozpin-olio batekin?  

Baina lehenengo, argi izan behar da zein den oinarrizko ozpin-olio on baten gakoa: osagaien proportzioa. Ohikoena da 2 olio neurri bakoitzeko, ozpin neurri bat, eta gatz pixka bat. Lehendabizi ozpina eta gatza bota behar da, eta pixkanaka bota behar zaio olioa, hagaxka batekin emultsionatuz (edo pote batean sar daiteke guztia, eta astindu).

Hortik aurrera, ia infinituak dira zure ongailu ideala sortzeko dauden aukerak: espeziak, belar aromatikoak, frutak, haziak, fruitu lehorrak, ozpinetakoak… oinarria prestatzeko ozpina edo gatz mota aukeratuta ere, bestelako ukitu bat eman diezaiokezu.  Liluratuko zaituen eta zure platerei ukitu ezberdin bat emango dien osagai hori aurkitu baino ez duzu egin behar. Hona hemen iradokizun batzuk:

  • Ziape eta eztiz egindako ozpin-olioa:4 koilarakada oliba-olio, 2 koilarakada ozpin, ezti koilarakada bat, ziape (mostaza) koilarakada bat, perrexil lehor koilarakada bat, piperbeltz beltza eta gatza.
  • Baratxuriz eta limoiz prestatutako ozpin-olioa:2 koilarakada oliba-olio, koilarakada bat limoi-zuku, baratxuri ale bat eta gatza.
  • Fruitu lehorrez prestatutako ozpin-olioa:50 gramo fruitu lehor txikituta (norbere gustura: pistatxoak, anakardoak, arbendolak eta intxaurrak), 6 koilarakada oliba-olio, 2 koilarakada ozpin, gatza eta piperbeltza.
  • Ozpin-olio italiarra: 50 gramo gazta parmesano birrinduta, 4 koilarakada oliba-olio, koilaratxokada bat oregano, hiruzpalau albaka-hosto fresko eta baratxuri xehatua.
  • Ozpin-olio tropikala: Osagaiak: Mango erdi bat, papaia erdi bat, 4 koilarakada oliba-olio, 4 koilarakada sagar-ozpin, koilarakada bat sesamo (irabiatu nahasketa).
  • Ekialdeko ozpin-olioa:  Arroz-ozpin koilarakada bat, soja-saltsa koilarakada bat, 4 koilarakada sesamo-olio, koilaratxokada bat jengibre, gatza eta piperbeltza.

Ziur aski ozpin-olioak eta ongailuak prestatzeko hamaika aldaera eta osagai sekretu izango duzu. Konta iezazkiguzu Facebook, Twitter edo Instagramen!