
Elikadura osasungarria
Modenako ozpina, ardo-ozpina, sagar-ozpina... Zein da osasungarriena?
Ozpina ongarri osasungarria da, zapore garratzekoa eta asko erabiltzen dena, dituen ezaugarri onuragarriengatik: antioxidatzaile naturala da, polifenola duelako; erradikal askeen eragin kaltegarria gelditzen laguntzen du substantzia horrek. Ez du kolesterolik eta, are, kolesterol “txarra” murrizten laguntzen du.
Gainera, diuretiko ona da; toxinak deuseztatzen laguntzen du, eta heste-igarotzea hobetzen. Horrez guztiaz gain, odoleko glukosa-maila kontrolatzen laguntzen du, aliatu bikaina da hipertentsioaren aurka egiteko, eta osasun kardiobaskular ona mantentzen laguntzen du.
Norberaren aukeran
Azido azetikoaren kontzentrazioa da ozpin mota ezberdinen artean dagoen aldea.
Ardo zuritik edo beltzetik eratorritakoa da ohikoena, nahiz eta azkeneko urteotan sagar-ozpina nabarmentzen hasi den, osasungarriagotzat jotzen delako. Ozpin baltsamikoa ere badago, Modenakoa, arroz-ozpina, frutaz egindakoa… Ikus dezakezuen moduan, aukera ugari duzu zure platerak ontzeko eta zure ozpin-olioak prestatzeko.
Onena zein den erabaki aurretik, komeni da horren ezaguna eta, jakiak kontserbatzeko duen gaitasunagatik, antzinatasunetik erabiltzen den ongarri honen barietateak ezagutzea.
- Ardo-ozpina (ardo zuria edo beltza).Nabarmentzekoa da digestioa errazteko eta kolesterol ‘txarra’ eta triglizeridoak kontrolatzeko duen gaitasuna. Gainera, ardo zuriz egindako ozpinak odoleko glukosa-maila murrizten laguntzen du. Zuria suabeagoa da, eta egokia arrainak eta entsaladak prestatzeko. Beltza, berriz, ideala da jakiak marinatzeko eta saltsak prestatzeko.
- Jerezeko ozpina.Ahalmen desinfektatzailea, antioxidatzailea eta diuretikoa du.Aroma bizia du, eta azidotasun-maila neurritsua; horri esker, oso egokia da saltsak prestatzeko eta jakiak ontzeko.
- Ozpin baltsamikoa.Hautazko mahatsetik dator; mahats horiekin egindako muztioekin egiten da, besteak beste, Modenako ozpina. Ozpin baltsamikoak baino mahats-zuku kontzentrazio handiagoa du; horregatik, askoz gozoagoa eta kaloria handiagokoa da.
Beste ozpin batzuekin alderatuta, testura dentsoagoa du. Dohain ugari du: azidotasuna kontrolatzen laguntzen du, digestioari laguntzen dio, antioxidatzailea da, resveratrol kopuru handia du (hanturaren aurkako konposatua eta bihotzerako osasungarria) eta diuretikoa da. Eta hori gutxi balitz, potasio ugari du, giharrak eta nerbio-sistema indartzeko bikaina.
- Sagar- edo sagardo-ozpina.Ozpin arinenetako bat da, eta argaltzeko dietetarako aliatu ezin hobea. Frutaren mamiaz edo zukuaz egiten da; sagardo-ozpinak ukitu mingotsagoa du. Diuretiko indartsua ere bada, likidoen erretentzio arazoak konpontzen laguntzen du, bai eta metatutako koipeak eta toxinak deuseztatzen ere. Besteak beste, digestioa hobetzen laguntzen du. Entsaladak, arrainak, haragi zuriak eta saltsa suabeak prestatzeko erabiltzen da ozpin mota hau.
- Arroz-ozpina. Hauxe da Txinan eta Japonian gehien erabiltzen direnetako bat. Oso egokia da algak ontzeko, sushia prestatzeko, edo barazkiei ukitu berezi bat emateko. Zapore suabea eta gozoa du, eta kolorea ezberdina da ozpin motaren arabera; zuria, urre-kolorekoa edo gorrixka izan daiteke.
Azken batean, ozpin mota bakoitzak bere ezaugarriak eta onurak ditu, eta horren arabera aukera dezakegu plater edo errezeta bakoitzerako.
Horien guztien artean, sagar-ozpina da osasungarriena, duen zapore suabeagatik, digestiorako lagungarria eta arazgarria delako; horregatik, mahai guztietan egon beharrekoa da. Zeuk aukeratu!
Ba al zenekien…
- Ardo- eta sagar-ozpina eta Jerezekoa direla kaloria kopuru txikiena dutenak? (22 kcal/100 g). Modena, berriz, kaloria handieneko ozpina da (88 kcal/100 g)
- Sagar-ozpina dela arinenetako bat, eta argaltzeko dietetarako aliatu ezin hobea dela?
- Antzina, jakiak kontserbatzeko eta desinfektatzeko erabiltzen zen, oso ona baita mikroorganismoak eta bakteriak deuseztatzeko.
- Ozpina oso ona da intsektuak (inurriak, esaterako) urruntzeko ere, eta koipearen aurkako edo karea kentzeko gaitasuna du (ozpin zuria edo sagar-ozpina).