Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Gatz motak eta horietako bakoitzaren onurak: itsas gatza, Maldon, Himalayakoa... aukera ezazu onena!

Gatza da gure sukaldeetako osagairik garrantzitsuenetako eta erabilienetako bat, bikaina baita jakien zaporea biziagotzeko. Gatzaren ordez erabil daitezkeen beste osagai eta espezia batzuk badauden arren, gatza ezinbesteko bihurtu da gure plateretan. Hori bai, beti neurriz… ez bota gatz gehiegi! 

Gaur egun, gatz barietate handia dago: inoiz jarri al zara pentsatzen gatzon artean zer alde dagoen? Oro har, zaporea eta bizitasuna da batetik bestera aldatzen dena, eta gatzok duten mineral-proportzioa da alde horren arrazoia. 

Erauzketa-teknikaren, eremu geografikoaren, kolorearen, testuraren edo osaeraren arabera bereiz ditzakegu gatz mota ezberdinak: 

  • Gatz findua (arrunta edo mahaikoa). Gehien erabiltzen dena da, eta funtsean, kloruro sodikoz osatuta dago (% 97-99). Ez du ezpurutasunik, eta ezta ia mineralik ere –findua delako–, nahiz eta iodoz aberastua egon ohi den. 
  • Itsas gatza.Itsasoko ura lurrunduta eskuratzen da, eta ez dago gatz arrunta adina finduta; hori dela eta, sodio eta beste mineralen kopuru handiagoa du: kloroa, iodoa, kaltzioa, potasioa, magnesioa, burdina eta zinka. Barietate ugari dago, baita itsas algak dituen barietateren bat ere. 
  • Gatz-lorea. Gourmet produktutzat jotzen da, eta balio handia ematen diote chef profesionalek. Eskuz erauzten da gatzagetatik. Oso gertu dugu adibide bat: Añanako Gatz Harana(Araba) eta Añanako gatz ospetsua, beste asko ere badauden arren. Dagoeneko prestatuta dauden platerak eta produktuak ontzeko erabiltzen da, duen testura leunagatik eta zapore finagatik, sodio gutxi baitu (ez du izan behar % 93 baino gehiago). 
  • Gatz zeltikoa (edo gatz grisa, duen koloreagatik). Artisau eran eskuratzen da, eguzkitan lehortuta. Honek ere sodio kopuru txikia du, eta bestelako mineral asko. 
  • Maldon gatza.Itsas gatz mota bat da, ezkata itxuran aurkezten dena. Ezin egokiagoa da entsaladetarako eta haragiari botatzeko, prestatutako produktuaren gainean zuzenean botata. Oso moldakorra da: apailatzeko, mazeratzeko eta, are, koktelak egiteko erabiltzen da. 
  • Himalayako gatz arrosa. Harkaitzeko gatz mota bat da, eta nabarmentzekoa da duen purutasuna. Pakistango mendietako gatz-meategietatik erauzten da, eta bere ezaugarri nagusietako bat da burdina kopuru handia duela; horrek ematen dio duen kolore arrosara. Gatz beltzada bere aldaeretako bat –Indian erauzten da batez ere–, eta horrek ere sufre eta magnesio ugari du. 

Itsas gatza edo harkaitzeko gatza, aukerarik onenak 

Ikusi ditugu gatz mota ezagunenak, eta orain, onena aukeratzeko unea da. Itsas gatza eta harkaitzeko gatza dira (hau da, findu gabekoak) zure platerak apailatzeko aukerarik osasungarrienak. Hauexek dira dituzten onura garrantzitsuenak: 

  • 80 bat mineral esentzial dituzte.
  • Burmuinaren funtzioak optimizatu eta neuro-endekapenezko gaixotasunak prebenitzen dituzte.
  • Sistema immunologikoari laguntzen diote.
  • Odoleko azukre-mailak erregulatzen laguntzen dute.
  • Toxinak kanporatzen laguntzen dute.
  • Zirkulazioa hobetzen dute.
  • Hanturaren aurkako efektua sortzen dute.
  • Giharretako arranpak murrizten dituzte.
  • Digestioa hobetzen dute.

Egunean 5 gramo gehienez!