
Elikadura osasungarria
Piper erre eta mendrezka entsalada
Entsalada hau tipikoa da Espainiako zenbait eskualdetan, eta bertsio ezberdinak onartzen ditu. Proposatzen dizuedanak, mendrezkaz gain, arrautza egosia ere badu, beraz, proteina gehiago du eta elikagarriagoa da. Edozein dela ere prestatzen den bertsioa, kalitate oneneko produktuak aukeratzea gomendatzen du, hala nola Kantauri itsasoko hegaluzearen mendrezka.
Hona hemen osagaiak:
- Kilo bat piper
- 4 baratxuri-atal
- Lata bat mendrezka
- Tipula erdi
- Oliba-olio birjina estra
- Gatza
Hasteko, egosi itzazu arrautzak, eta erre piperrak. Horretarako, garbitu eta ondo lehortu behar dira piperrak. Azala kendu gabe, eta pintzel bat erabilita, margozta itzazu oliba-olioz. Erre itzazu baratxuriekin batera labean (berotu aurrez, 200ºC-tara) 25-35 minutuz, tartean buelta emanez. Azala pixka bat belzten zaienean, atera itzazu. Hozten direnean, zuritu: kendu zurtoina eta haziak (pasatu laban bat arrasetik, hazi guztiak kentzeko).
Errazio bat baino gehiago erretzea gomendatzen dizut, kontsumitzen den energia aprobetxatzeko; horrela, aurreztu ere egingo dugu. Piper erreak soberan baldin baditugu, ondo kontserba daitezke hozkailuan, kristalezko poto batean, erretzerakoan askatu duten likidoarekin. Horrela, beste errezeta batzuetarako ere erabil ditzakezu, lekale eta piper hummus goxoa prestatzeko, adibidez.
Behin piperrak zuritu ondoren, tiratan moztuko ditugu, baratxuri erreekin batera. Bota tipula –tira finetan moztuta–, arrautza –lau zatitan– eta mendrezka ere. Ondu gatzez eta piper erreen likido pixka batekin nahastutako oliba-olio zurrusta batez eta… gozatu!
Entsalada osoa
Entsalada hau afaltzeko ideia erraz eta osasungarria da, izan ere, honako hauek ditu:
- Balio biologiko handiko proteinak: arrautza eta mendrezkagatik. Eginkizun garrantzitsuak betetzen dituzte organismoan, batez ere, ehunak fabrikatu, mantendu eta birsortzen dituzte.
- Omega 3: Hegaluzearen mendrezkak gantz-azidoak ditu, eta frogatuta dago babes kardiobaskularrerako onak direla.
- B taldeko bitaminak: Arrautzak eta mendrezkak B bitamina handiak dituzte; bitamina horiek eginkizun oso garrantzitsua betetzen dute energia eskuratzeko prozesuetan.
- Antioxidatzaileak: Piperrak A probitamina ugari du, gorputzak, eguzkitik babesteko esaterako, beharra duenean A bitamina bihurtzen dena. E bitamina kopuru handia ere badu; bitamina horren eginkizunen artean, globulu gorrien eraketan parte hartzen du eta immunitate-sistema hobetzen du, C bitaminak bezala. Azken hori proportzio handietan aurkitzen da piperretan (nahiz eta zati handi bat beroaren eraginez galtzen den).
- Mineralak: fosforoa, potasioa, iodoa eta selenioa. Fosforoak kariesak eta osteoporosia prebenitzen ditu; potasioak hazkuntzan eta muskulu-uzkurduran parte hartzen du, besteak beste. Iodoa hormona tiroideotan dago, eta jarduera metabolikoa mantentzen du; selenioa, azkenik, beste antioxidatzaile indartsu bat da.
Animatzen al zara proba egitera?
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |