Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Patata vs Batata: Nutrizio-ezaugarriak eta sukaldean probetxua ateratzeko trukuak

Aurreko post-ean ikusi dugun bezala, badaude patataren eta batataren arteko alde fisiko batzuk. Aldeok txikiagoak dira barrutik, hau da, nutrizio-ezaugarriei dagokienez. Ikus dezagun zein ezaugarritan bat egiten duten:

  • Energia-iturri: Biak dira energia-iturri bikaina, karbohidrato kopuru handia baitute. Aspalditik, ospe txarra hartu dute tuberkuluek, “gizentzen duten jakiak” direla uste izateko joera dago eta. Hala ere, karbohidratoak oso garrantzitsuak dira dietan; egunean jaten ditugun kilokalorien %50-%60 inguru dira. Kopuru hori ez gainditzea da gakoa, hidratoak koipe modura pilatzen baitira.
  • C bitamina: C bitamina kopuru handia dute biek, eta bitamina hori garrantzitsua da immunitate ona izateko. Gainera, kolagenoaren sintesian parte hartzen du; gizakiaren gorputzean kopuru handienean dagoen proteina da kolagenoa, larruazalean, tendoietan eta lotailuetan, besteak beste.
  • B6 bitamina: Tuberkulu hauek bat datozen beste puntu bat da B6 bitamina kopuru handia dutela biek, egunean gomendatutakoaren % 20 inguru. Piridoxinak edo B6 bitaminak nerbioak eta larruazala osasuntsu izaten laguntzen du; infekzioei aurre egiten; odoleko azukre-maila egonkor mantentzen; eta odolean oxigenoaren zirkulazioa ahalbideratzen duten globulu gorriak sortzen.
  • Potasio kopuru handia: Patatak, batatarekin alderatuta, bitamina honen kopurua bikoizten duen arren (570 mg patatak, eta 320 mg batatak) batatak “potasio-iturri" nagusia den frutaren antzerako kopurua du: bananarena, hain zuzen ere. Potasioa lagungarria da nerbio-sistemak eta muskuluek ondo funtziona dezaten.
  • A bitamina: Kasu honetan, batatak soberan gainditzen du patata, 667 mikrogramorekin; kopuru horrek ia bete egiten du bitamina horren gomendatutako eguneko kantitatea. Dakigun bezala, erretinola edo A bitamina oso garrantzitsua da ikusmenak behar bezala funtziona dezan; gainera, larruazalaren, hezurren eta hortzen osagaietako bat da.

Orduan, zein da hobea?

Oro har, ez dago patataren eta batataren artean alde nabarmenik makro-mantenugaiei dagokienez, nahiz eta patatak batatak baino proteina gehixeago duen eta azukre gutxiago; nolanahi ere, hori aukeratzen dugun patataren araberakoa ere izango da.

Batatak, berriz, zuntz, A bitamina eta antioxidatzaile kopuru handiagoa du, eta potasio gutxiago. Bestalde, ikusi dugu biek dituztela ezaugarri onuragarriak, beraz, inolako arazorik gabe erabil daitezke elikadura aberats eta orekatu baten testuinguruan.

Nire aholkua: ahal den neurrian, sasoian sasoiko elikagaiak kontsumitzen saiatzea, eta patata urte osoan dugunez, batataren sasoia aprobetxa dezakegu (udazkena-negua) tuberkulu goxo honetaz gozatzeko, eta gure platerak pixka bat aldatzeko.

Ba al zenekien…

Patatak eta batatak duen C bitaminaren eta potasioaren zati bat egosterakoan galtzen dela? Galera horiek, baina, murriztu ditzakegu, labean tenperatura txikian erreta (140 ºC) edo lurrunetan azal eta guzti egosita.

Egin ezazu proba: moztu itzazu patatak laukitxotan edo txip erara, nahastu oliba-olio birjina estra pixka batekin eta gustuko dituzun espeziekin (gatza, piperbeltza, kuminoa, piperrauts mina, oreganoa…) eta egin labean. Frijituta baino askoz koipe gutxiago izango dute era horretan, eta goxo-goxoak daude, haragiarekin edo arrainarekin jateko, baita entsaladei gehitzeko ere.

  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista