Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Nola egin barbakoa osasungarri bat?

Barbakoa egitea denoi gustatzen zaigun plana da, eguraldi ona lagun. Aitzakia ezin hobea da, konpainia onean, aire zabalean eguna pasatzeko. Baina, ziur asko, dagoeneko etorri zaizue gogora nolako digestio-astuntasuna izango duzuen egunaren amaiera, ez al da hala? Bada, ez dauka horrela izan beharrik. Gehiegizko koipearekin lotu ohi ditugu barbakoak. Baina barbakoak osasungarriak ere izan daitezke, elikagai egokiak aukeratzen baditugu; ez diote janariari kalitaterik kenduko eta gure gorputzak eskertuko digu.

Ez txerria bakarrik
Txerri-saiheskia, txorizoa, odolkia, urdaia… Eta zer iruditzen zaizue haragi zuria erabiltzen badugu? Oilaskoak edo indioilarrak haragi gorriek edo prozesatutakoek baino koipe gutxiago daukate eta horiek ere presta daitezke txingarretan.

Haragiak are eta osasungarriagoak izan daitezen, badago beste gomendio bat ere, txingarretara eraman baino minutu batzuk lehenago labean edo mikrouhin-labean aurre-prestatzea, hain zuzen ere; horrela, berotasunarekiko esposizioa txikiagoa izango da eta Amina Heterozikliko (HA) gutxiago sortuko da.

Haragi oso koipetsuak prestatu beharrean, arraina edo are itsaskiak prestatzea da beste aukera bat. Otarrainxka, txipiroi, txibia edo izokin broxetak, esaterako. Denei gustatuko zaizkie, ziur! Aldez aurretik marinatu egin ditzakezu edo, besterik gabe, prestatzerako unean bertan gatzitu eta, zergatik ez, barazkiekin batera presta daitezke. Norberaren gustura!

Frutak eta barazkiak
Broxetak barazkizkoak ere izan daitezke (kuiatxoak, piperrak, tipula, alberjinia…) edo, are, frutazkoak (ananazkoak, mertxikazkoak, meloizkoak…). Barazkiak ebakita ere jar genitzake, broxetetan sartu beharrean. Nolanahi ere, aukera ezin hobea dira haragiarekin edo arrainarekin batera jateko, aire zabaleko egun-pasa baterako zuntz, ur eta mineral dosi ideala eskainiko digute eta.

Askotariko entsaladak ere presta ditzakegu barbakoan prestatutako jakiei laguntzeko. Plater osasungarria prestatuko dugu, aseko gaituena eta koipe gutxiago hartzeko aukera emango diguna.  

Freska zaitez urarekin
Barbakoa batean, kontua ez da ze janari prestatzen eta jaten dugun soilik, edaten dugunak ere badauka bere garrantzia. Aire zabaleko egun horietan, alkoholdun edari gehiegi edateko joera izaten dugu eta ez dira batera gomendagarriak udako eguzkiaren eta beroaren eraginpean gaudenean. Gainera, edari horietako askok azukre ugari izaten dute, sangriak, esaterako. Horregatik, ura edo azukre gutxiagodun beste edari motaren bat edanda freskatzen saiatuko gara. Eta etxeko limonada bat prestatuko bagenu? Ura, limoia eta izotz mordoa, ez dugu besterik behar. Aukera ezin hobea izan daiteke.