Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Sasoiko produktua

Mandarina, udazkenean fruta jateko aukera ideala

Udazkenaren hasiera gehien gogoratzen diguten irudietako bat izango da, beharbada: udako fruten lekukoa hartzen du merkatuetan mandarinen eta laranjen kolore laranjak. Irailean hasten da mandarinak kontsumitzeko sasoirik egokiena, eta ia udaberrira arte luzatzen da.

Mandarinondoaren fruitua da mandarina; laranjondoaren antzerako landarea da, baina txikiagoa eta makalagoa. Jatorriz Txinako fruta dela uste da; orain dela mende asko hasi ziren han mandarinak hazten eta, XIX. mendeaz geroztik, Europa hegoaldeko eta Afrika eta Iparramerika iparraldeko eremuetan ere hazten dituzte; Espainia da munduko ekoizle nagusietako bat.

Oso aromatikoa da, zapore gozoko atal mamitsu eta urtsuetan banatuta dagoena. Barietatearen arabera, baina, garratz samarrak ere izan daitezke. Erraz kentzen zaio azala, beraz, ideala da haurrentzako.

Barietate ugari dago, baina Klementinak eta Satsumak dira Espainian gehien kontsumitzen direnak.

Zergatik dira onak mandarinak?

  • Zuntz-iturri aberatsa: Heste-igarotzea erregulatzeaz gain, odoleko kolesterol-mailak ere erregulatzen dituzte. Egunero zuntz kopuru egokia kontsumitzea koloneko minbizia izateko arriskua murriztearekin lotzen da.
  • Gluzemia-indize txikia: Ez dute eragiten glukosa-igoera azkarrik odolean; horregatik, aukera ona dira diabetesa duten pertsonentzako, otorduen ondoren hipergluzemia jasateko arriskua murrizten baitute.
  • C bitamina ugari: Laranjak baino proportzio txikiagoan izan arren, C bitamina dosi garrantzitsua eskaintzen du; bitamina hori funtsezkoa da urtaro aldaketaren aurrean sistema immunea prestatzeko, aurten batez ere. Azido zitrikoa ere badu, antioxidatzaile modura jarduten duena, C bitaminaren eragina indartuz.
  • Betakaroteno kopuru handia: Betakarotenoak edo A probitaminak ematen die kolore laranja berezi hori, azenarioekin gertatzen den bezala. Gorputzean gordetzen da probitamina hori A bitamina bihurtu beharra dagoenerako, era horretan begiak edo larruazala babestuz.
  • Azido folikoa: Azido folikoa edo B9 bitamina ezinbestekoa da haurdunaldian umekia garatzeko. Gainera, globulu gorriak sortzen eta nerbio-sistema garatzen ere hartzen du parte.
  • Mineralak: Potasioa eta magnesioa dira mandarinek gehien dituzten mineralak. Muskuluen uzkurduran eta zelula barruko oreka osmotikoan (ur eta gatz kontzentazioa) parte hartzen du potasioak. Biak dira hezur-egituraren parte, eta magnesioak, gainera, nolabaiteko efektu laxantea du.
  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista