
Kirolak
Lasterketa egunerako aholkuak
Denbora luzea daramagu lasterketa baterako prestatzen, ezarritako helburuak lortu nahi ditugulako. Eta eguna iritsi den honetan, zer egingo dugu? Oso ohiko galdera da korrikalarien artean.
Adibidez, lasterketaren bezperan orain arte bezala entrenatu behar dugu? Edo hobe da atseden hartzea? Jon Elkano gure entrenatzaile pertsonalak atseden hartzea gomendatzen digu, "lana eginda baitago eta ez dago atzera bueltarik". 20 minutuz irten gaitezke trostan ibiltzera giharrak eta sistema kardiobaskularra aktibatzeko, baina nahikoa da horrekin. Lasterketa baino bizpahiru egun lehenago erritmoa jaistea komeni da, atsedena eta entrenamendu arin samarrak tartekatuz.
Garrantzitsuena da bezperan atseden hartzea; horregatik, gomendagarria da aurreko gauean gehiegi ez afaltzea eta, lasterketa egunerako bero handia iragarrita baldin badago, afariarekin batera edari isotonikoa har dezakezu. Gainera, siestarik ez egitea gomendatzen digu Jonek, horrek eragin baitezake gauean lo hartzeko zailtasunak izatea. Eta orain bai, lotara eta egun garrantzitsu horretarako atseden hartzera.
Gosaria
Lasterketa egunean, gosaldu ezazu lasterketa hasi baino hiru ordu lehenago gutxienez, ez dezazun digestio-arazorik izan. Ez egin esperimenturik; ez ezazu gosaldu inoiz jan ez duzunik. Gaur ez da inprobisazioetarako egun aproposa; jan itzazu egunero jatera ohituta zauden eta ondo egiten dizutela dakizun elikagaiak.
Ez estreinatu materialik
Tentagarria izaten da lasterketa egunean zapatila edo janzki berriak estreinatu nahi izatea, baina ez da egokia. Arropa berriak azala urratu diezaguke, eta zapatilekin, berriz, oinkatzea ohituta gaudenaren oso bestelakoa izan daiteke eta horrek mina edo eragozpenak sortu.Egin ezazu korrika ohiko arropa eta zapatilekin.
Babestu urratze-zonak
Erabili baselina urratzeak izan ohi dituzun gorputz-ataletan; hala nola, besapeetan, titiburuetan edo izterren barruko aldean. Oso deserosoa da atal horiek urratzen ari direla korrika egitea.
Berotze-ariketak eta irteera
Egin itzazu berotze-ariketak 10-15 minutuz eta, parte-hartzaile asko baldin badago, joan zaitez irteera-gunera garaiz.
Lasterketarako planteamendua
Marka hautsi nahi al dugu? Lasterketaren lehen erdian mantso joan eta ondoren azeleragailua sakatu? Edozein dela ere diseinatutako planteamendua, beharrezkoa da gure gaitasunak ezagutzea eta gaitasun horiek gure indar fisikoari eta psikologikoari egokitzea.
Ez zaitez gehiegi jantzi
Korrika hasi eta bost minutura, tenperatura oso bestelakoa da irteera-gunean geldi gaudenean dugunarekiko. Elkanok ematen digun aholkua da jantzi-geruzetako bat kentzea, lasterketan zehar ez dezagun gehiegi izerditu eta erdi deshidratatuta amaitu.
Goazen korrika!
Kontrolatu dena eramaten duzun:kronometroa, kordelak ondo lotuta, etab. Eta gozatzera! Senti ezazu adrenalina dosi on bat, urduritasunaz, alaitasunaz eta pozaz nahastuta. Kontrola itzazu taupadak eta erritmoa kilometro bakoitzeko, eta hainbatean behin galdetu zeure buruari: “nola sentitzen naiz?” Erlaxatu sorbaldak eta zangoak.Hartu arnasa eta egin korri.