Italia
Italiar azken-burukoak
Izozkiak eta tiramisua dira nazioartean ezagunenak, baina italiar gastronomiak beste gozo asko ere badauzka. Bizkotxoak, tartak, gailetak... amaiezina da italiar azken-burukoen zerrenda, eta gozozaleentzako galbide diren horietako plater batzuk nabarmendu nahi ditugu.
Tiramisua
Italiar azken-buruko ezagunena da munduan, zalantzarik gabe. Elezaharrak dioenez, XVI. mendeko Sienan prestatu zen lehendabiziko tiramisua, Toscanako Duke Medicciko Cosme III.ak hiria bisitatu zuenean. Gozogile talde batek asmatu zuen dukea omentzeko; txokolatea, mascarpone gazta eta kafea erabili zuten, tiramisuaren osagai nagusietako hiru. Bizkotxoak, arrautzek eta azukreak osatzen dute labea erabiltzerik behar ez duen azken-buruko hotz honen errezeta.
Panna cotta
“Esnegain egosia” izango litzateke azken-buruko horren izenaren itzulpena; horregatik da esne zapore handiko azken-buruko suabea. Hotza jaten da pannacotta, eta gelatinaren antzerako testura dauka. Esne-kremaz prestatzen da, eta azukrea eta gelifikatzaileak gehitzen zaizkio krema horri. Apaintzeko, ohikoena da fruitu gorrien marmelada erabiltzea, baina hori norberaren gustuen araberakoa da. Bainilaz, karameluz edo zitrikoz ere apaintzen dute batzuek. Italia osoan aurki dezakegun arren, Piamonte eskualdeko azken-buruko tipikoa da pannacotta.
Gelato
Gelato hitzak izozkia esan nahi du italieraz, baina gelato bat ez da, zehazki, guk ezagutzen ditugun izozkien berdina. Bien arteko aldea daukaten koipea da; hau da, gelatoa ia erabat esnez egiten da. Horregatik, krema eta esnea nahastuta prestatutako izozkiak baino koipe gutxiago dauka. Eta hori nabaritzen da ahoan, jakina.
Cannoli
Cannoliak Siziliako gozo tipikoak dira eta, inauterietan prestatu ohi ziren arren, hedatzen joan dira pixkanaka eta gaur egun urte osoan zehar aurki ditzakegu Italiako gozotegietan. Izenak berak dioen bezala, “hoditxo txikiak” dira, hostorez eginak eta ricotta gaztaz beteak.
Panforte
Eta Sienara itzuliko gara; izan ere, panforte izeneko azken-buruko tradizionala ere hangoa da; azukrez, eztiz, irinez eta txokolatez prestatutako pastel antzerakoa da, eta frutak eta fruitu lehorrak ere sartzen zaizkio. Kafearekin edo azken-buruko ardoarekin batera hartzen da.
Panettone
Kasu honetan, Eguberrietako ohiko gozoa da; jatorriz Milan hirikoa den arren, Italia osora ez ezik, mundu osora hedatu da panettonea. Brioche erako opila da, eta pasak eta fruta konfitatuak dauzka barruan.
Ikusten duzuenez, aukera zabala da, gustu guztietarako aproposa. Erabaki al duzue zer azken-buruko italiar prestatuko duzuen gaur?
BM Kontuaren SMS komunikaziorik jaso nahi ez baduzu, harpidedun izateari utzi dezakezu zure profilean hemen sartuz edo 900 555 300 telefonora deituz.