
Haurrak
Eskolako menua osatzeko gako osasungarriak: afaria
Prezioari doituta egon ohi da ikastetxeetako menua, eta oinarrizko elikagaiak izan ohi ditu: egun batean arroza, beste egun batean pasta, pare bat egunetako lekaleak (karbohidrato onak dira haurrek energia izan dezaten, eta animalia-jatorriko koiperik gabeko landare-proteinak, haurrei beren hazkunde-prozesuan laguntzeko), eta egunen batzuetan, haragia edo arraina.
Ikastetxeetako jantokietan, baina, ez da entsalada eta barazki asko egoten. Horixe izango da, hain zuzen ere, gure egitekoa afari garaian, bitamina, mineral eta antioxidatzaile ugari duten lehenengo plater horiekin osatzea gure haurren menua. Eta ez diren arren haur guztien gustukoak izaten, saiatu egin behar dugu, modu ezberdinean aurkeztuta: purean, salteatuta, plantxan..., beren platerean barazkiak ikustera eta, batez ere, jaki horien zaporera ohitzen joan daitezen.
Arrain gehiago
Bigarren platerei dagokionez, arraina izango da gure helburua, eskoletako menuetan ez baita askotan eskaintzen. Eta horretan ere borroka pixka bat egin beharko dugu umeekin, menuan onar dezaten. Nire ustez, saiatzen jarraitu behar dugu, eta ahal den guztietan eskaini behar diegu arraina: oro har, beren etxeetan arraina jateko ohiturarik ez dutelako ez zaie gustatzen arraina.
Arraina prestatzeko modu ezberdinak erabil ditzakegu: arrautz-irinetan pasatuta, labean... are izoztuta egoten diren makilatxoak, latako sardinatxoak eta hegaluzez betetako enpanadillak ere aukera egokia dira haurrak arraina jatera ohitu daitezen.
Afarirako beste aukera bat arrautza da: gomendatzen da astean bost arrautza baino gehiago ez jatea. Arrautzak prestatzeko modu asko dago, eta guztiak erabili beharko genituzke: uretatik pasatuta, egosita, nahaskian (barazkiekin, perretxikoekin…), hegaluzez beteta, tortilla soilean… ez daitezen aspertu beti berdin jatera.
Ikastetxean bezala, batez ere haragi zuriak jaten dituzte: oro har, oilaskoa edo solomoa; kontua da gauero ez errepikatzea.
Honako hau izango litzateke haurren afaritarako asteko menurako proposamen interesgarri eta osasungarri bat:
- arrautza bizpahiru gauetan
- arraina bizpahiru gauetan
- haragi zuria gau batean
- pizza (begetala) edo hanburgesa (saltsa eta patata gutxirekin) gau batean (oso tarteka, eta sari gisa planteatuta) Etxean bertan egindakoak izan daitezen saiatu behar gara, eta garrantzitsua da haurrekin eurekin prestatzea jakiak.
Nutrizio-tipa
Eskaini denbora erosketei, eta haurrek eskertuko dizute!
- Gogora ezazu erosketa-saskian hasten dela dieta on bat: bertako eta sasoiko kalitatezko produktu freskoak.
- Jakiak prestatzeari ere eskaini behar zaio denbora: etxean egindako errezeta osasungarriak.
![]() |
Dra. Marta Aguirre. Nutrizioa y Medikuntza estetikoa |