Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Aurten bai, barazkiak noiznahi!

Sasoiko daude barazkiak, eta geroz eta nutrizionista gehiagok diote elikadura osasungarri baten oinarri izan behar dutela; sare sozialek, berriz, barazki- eta ortuari-errezeta ugari plazaratzen dituzte, eta bere osasunaz biziki arduratzen den jende ospetsuak ere bat egin du bizimodu berdeago baten aldeko jarrerarekin. Begetarianismoa, beganismoa edo, besterik gabe, dieta osasungarria eta jasangarria eragile duzula, barazkien kolorez beteko dituzu aurten platerak.

Baina, benetan dira hain onak barazkiak?

Jada ez dago zalantzarik: barazkiak, ortuariak eta frutak oso onuragarriak dira gure osasunerako. Azterketa ugarik frogatzen dute landare-jatorriko elikagaiek lagundu egiten dutela bizitza luzatzen.

Dena dela, beganismoan buru-belarri murgildu nahi baduzu, komeniko zaizu dietista-nutrizionista baten aholkularitza izatea, defizit batzuk saihesteko: omega 3, B12 bitamina, iodina… Jarraibide profesionalak, oinarri zientifiko egokia eta, beharbada, osagarriren bat lagun dituzula, askoz hobeto ibiliko zara.

Hona hiru modu lehen gustatzen ez zitzaizkizun barazkiak gustura jateko

Honenbestez, landare-jatorriko elikagaiak badira nagusi zure dietan, zorionak! Eta barazkirik jateko ohiturarik ez baduzu, badira joeraz aldatzen lagunduko dizuten zenbait bide. Dena dela, hiru faktore hauek izan behar dituzu beti kontuan: lehena, azoka; gero, sukaldea; eta, azkenik, berrikuntza. Beharbada, ez duzu oroitzapen onik txikia zinela gogoko ez zenituen barazkiez. Ahaztu kontu horiek. Denboraren poderioz, aldatu egiten da zaporeen pertzepzioa; beraz, baliteke gaur berriro probatzea jaki horiek eta betiko gainditzea haiekiko ezinikusia. Bestela, zenbait errezeta berri eta ikusgarriren bidez saia zaitezke ikastetxeko jangelak utzi zizun oroitzapen ilun hura ahazten.

Hona hemen hiru, guztiak ere errazak, dibertigarriak eta gozoak, bai "veggie" amorratuentzat, bai barazkiekiko eszeptiko direnentzat:

Azalorea, zure kuskus berria

Erosi azalore eder bat. Kendu hosto berdeak eta txortenaren alderik lodiena. Nahi izanez gero, izoztu egin ditzakezu hondakin horiek, eta salda egiteko erabili beste egunen batean.

Zatikatu eta xehatu: horretarako, erabili ganibeta, birringailua edo, are errazagoa, xehagailua edo jakiak prozesatzeko makina. Behar adina xehatu, harik eta arroz-ale baten tamainako puskatxoak egin arte.

Zartagin edo wok batean, olio berotan salteatu, eta kuskusa bezala ondu. Beste barazki xehatu batzuk, oilasko-zatiak, almendrak, currya eta abar ere gehitu diezazkiokezu. Erabili irudimena!

Tabulea, orain azalore eta guzti

Azalorea bezala xehatu brokolia, oso zati txikitan. Ondoren, bota tomatea, tipula, perrexila, mendafina, gatza, olioa eta limoi zukua (ugari). Utzi beratzen minutu batzuez... eta on egin.

Endibia-ogia? Bai, egin daiteke

Hona endibiak jateko modu erraz eta atsegin askoa: "opiltxo" modura prestatzea. Opiltxoak, bai; ondo irakurri duzu. Moztu endibia bat erditik, luzetara; bota gatza eta piperra, eta olio eta ozpin pixka bat hostoen artera.

Erdietako batean, ipini zure ogitarteko-betegarri gogokoena. Primeran doazkio antxoak eta piper erreak, zerrendatan ebakiak; edo plantxan egindako oilasko-xerra bat, edo humusa oliba beltzekin. Ondoren, estali beste erdiarekin zure "opiltxoa", eta jan ogitarteko fresko, elikagarri, mamitsu eta kurruskari bat, glutenik gabea gainera.