Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Ez zaitez gelditu

Ariketa fisikoa egiten dut, baina ez dut emaitzarik ikusten: 5 ariketa hauekin, denbora galdu besterik ez duzu egingo

Ariketa fisikoa egiteak argaltzen eta muskulatura indartzen laguntzen du. Oro har, betetzen da esandako hori, baldin eta dieta orekatua badugu eta modu erregularrean entrenatzen badugu. Hala ere, helbururik ezarri gabe entrenatzen da jende asko, edo pisua galtzeko edo muskulatura indartzeko batere balio ez duten errutinak dituzte.

Badaude erreferente gisa ezarri diren “oinarrizko” ariketa batzuk, berez, beste errutina batzuekin konbinatzen ez badira, batere eraginkorrak ez direnak. Lesioak eragin ditzakete, gainera, modu egokian egiten ez badira, edo aditu batek gainbegiratu gabe egiten badira. Hauexek dira zure ahalegina alferrikakoa izatea ekar dezaketen akats edo ariketarik ohikoenak:

  • Abdominalak: Sabelalde zapala izan nahi baduzu, ez zaitez mugatu zona hori betiko kruntxe ezagunekin bakarrik lantzera. Ariketa horiekin, horma abdominal indartsua izatea lortuko duzu, baina ez definitua. Horretarako, gantzak erre behar dira, ariketa kardiobaskularrekin eta dieta hipokalorikoarekin.  
  • Gerri-biraketak: Ariketa horrekin gerriko gantzak erreko dituzula uste baduzu, oker zabiltza. Gantz lokalizaturik ez erretzeaz gain, kaltegarria izan daiteke lunbarretarako.  Aurreko ariketaren kasuan bezala, zona hori lesio arriskurik gabe indartzeko, plantxak edota hipopresiboak egitea gomendatzen dute adituek.
  • Atzeranzko ostikoa: Lauoinka gaudela zangoa atzerantz jasotzeak ez du aldaketako eta ipurmasailetako gantza kentzen. Lunbarretako lesioren bat eragin dezake, gainera. Hobe da zubiaren ariketa egitea. Eta gantza kentzeko irtenbide bakarra dieta orekatua izatea eta ariketa aerobikoak egitea da.
  • Hiper-luzapen lunbarra: Superman deritzon ariketa –lurrean ahuspez jarri eta zangoak eta besoak aldi berean altxatzea– lunbarren zona lantzeko ariketa onenen gisa ezarri da, baina oinez ibiltzeak baino ere eraginkortasun txikiagoa du zona hori indartzeko. Are gehiago, kontrolik gabe eginez gero, ornoak edo nerbioak kaltetu ditzake. 
  • Kardioa bakarrik (edo pisuak altxatzea bakarrik): Kasu honetan, ez duzu denborarik galduko, baina argi izan behar duzu zein den zure lehentasuna. Zure helburua pisua galtzea baldin bada, ondo ari zara ariketa kardiobaskularrak lehenetsita. Hala ere, azaldu genizun bezala, hobe da entrenamendu konkurrentearen alde egitea; kardio-indarra konbinatzen ditu, eta hobea da gantzak erretzeko.