
Haurtxoak
Zure haurtxoaren bainua
Oro har, erlaxazio eta lasaitasun unea izaten da zure haurtxo jaioberriaren bainua, urarena ondo ezagutzen duten ingurune erosoa baita beraientzako. Baina, hasieran, beldurra ematen die gurasoei. Ondo egiten ariko al naiz? Tenperatura egokian egongo al da ura? Eta zein dira nire haurtxoarentzako produkturik egokienak? Zalantza horiek guztiak oso ohikoak dira guraso berrientzako, eta oso normala da, gainera, zalantza horiek izatea. Horregatik, BM Supermerkatuek laguntza eskaini nahi dizue, zuen haurtxoaren bainua benetan une berezia izan dadin.
Non?
Egokiena da bainuontzi berezi bat edukitzea, haurtxoa ondo maneiatzeko aukera emango diguna, ez dakigun haurtxoa eskuetatik irristatu. Konketa batean gehiegi zailtzen da lan hori. Garrantzitsua da, bestalde, behar dugun guztia eskura izatea; izan ere, behin haurra bainatzen hasi ondoren, ezin izango duzu bakarrik utzi xaboia, toalla, termometroa edo arropa garbia hartzeko.
Noiz?
Ez dago bainurako berariazko ordurik. Oro har, iluntze aldera bainatzen dira haurtxoak, erlaxatzen eta gauez hobeto lokartzen laguntzen baitu; baina goizean ere egin dezakezue. Azken batean, norberaren lanaldiari egokituko diogu bainurako ordua. Garrantzitsuena da errutina bat ezartzea, eta beti ordu berean bainatzen saiatzea.
Zein maiztasunekin?
Nahikoa da astean bizpahiru aldiz bainatzea.Egunero ere baina dezakegu haurtxoa, baina ez da beharrezkoa, ezta guztiz gomendagarria ere. Espezialisten esanetan, haurtxoen azalak auto-garbiketarako bere mekanismoak ditu; horregatik, ez da beharrezkoa egunero bainatzea.Hori bai, gorputz-atal jakin batzuk egunero garbitu behar dira; hala nola, genitalak eta izterretako eta lepoko tolesak. Gauza bat da bainua, eta beste bat eguneroko higienea.
Bainuaren iraupena ez da luzeegia izan behar; nahikoa da haurtxoa bainuontzian minutu batzuez edukitzea. Hazten doan heinean, izango du uretan palastan aritzeko aukera.
Zenbat ur?
Ez ezazu bainuontzia guztiz bete; nahikoa da 8-10 bat zentimetro ur epel jartzea.
Zein tenperaturatan?
Bi tenperatura aipatuko ditugu. Batetik, uraren tenperatura 35-37 gradu artekoa izango da; eta, bestalde, kontuan izan behar dugu giro-tenperatura. Saia zaitez gelaren tenperatura 22-25 gradutan izaten, haurtxoa ez dadin hoztu bainuontzian sartzerakoan edo ondoren, irteterakoan.
Zerekin?
Garrantzitsua da produktu leunak erabiltzea, haurtxoaren azalerako oldarkorrak ez direnak.Ez ahaztu gurea baino askoz azal finagoa dutela. Horregatik, erabil itzazu xaboi neutroak, ez oso lurrinduak eta azidotasun txikikoak; eta ez eman kantitate handirik bainu bakoitzean.
Nola?
Haurtxoa bainuontzian sartzeko, gure esku bat haurtxoaren galtzarbearen azpian jarriko dugu eta bestea ipurmasailen azpian.Behin uretan sartzen dugunean, beso bat bere bizkarraren atzealdean jarrita helduko diogu, betiere burua ondo pausatuta duela, eta beste besoarekin garbituko dugu, eskuz edo haurtxoentzako belaki berezi leun batekin.
Eta bainatu ondoren?
Behin bainatzen dugunean, garrantzitsua da haurtxoa ondo lehortzea, batez ere zilbor ingurua, lehendabiziko asteetan. Lehortu ondoren, azala hidratatu behar diogu. Xaboiarekin bezala, koloratzailerik eta kontserbatzailerik gabeko krema eta lozioak aukeratuko ditugu hidrataziorako ere. Oso garrantzitsua da produktu egokiak aukeratzea; horregatik, gure online denda edo gure edozein supermerkatu bisitatzera animatzen zaitugu. Aholku eman eta egokienak aukeratzen lagunduko dizugu. Zure haurtxoa zaintzea eta haren higienea zuretzat bezain garrantzitsua baita guretzat ere.