Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Sasoiko produktua

Zainzuria: superbitaminaduna, mineralizatua eta kaloria gutxikoa

Zainzuria supermerkatuan aurki daitekeen elikagai osasungarrienetariko bat da, eta  osasunerako dituen propietate onuragarri ugariak medio ezagutzen da antzinatik. 

Zainzuriak zainzuri-landarearen zurtoin gazteak dira, lilazeen familiako landare belarkara, eta barazkien kategorian sartzen dira. Jatorria eta kontsumoa ezagutzeko antzinako Egiptora  jo behar dugu; grekoek eta erromatarrek zabaldu zuten laborea Mediterraneoan eta Europa osoan zehar.

Bi zainzuri-mota daude: zuriak eta berdeak (basatiei gari-zainzuriak deitzen zaie). Bi barietateak landare bera dira, baina jasotzeko fase ezberdinetan bereizten dira:

  • Zainzuri zuria: lurraren barruan hazi da, eta oraindik ez da kanpora atera (kimu gaztea).
  • Zainzuri berdea: kanpora atera da, eta eguzkitan egon da. Esposizio horrek fotosintesia (edo funtzio klorofilikoa) eragiten duenez, kolore berdea hartzen du.

Zainzuri zuriez eta berdeez gain, bada zainzuriaren beste aldaera bat, apur bat more kolorekoa, eta zapore aldetik pixka bat gozoagoa izaten da. Kolore hori antozianina medio hartzen du; hau da, kolore hori nagusi duten beste fruta eta barazki batzuetan ere badagoen pigmentua: andere-mahatsak, mahatsak, gereziak, erremolatxa, e.a.

Nutrizio aldetik, ia berdin-berdinak dira, nahiz eta berdeak apur bat aberatsagoak izan mineraletan eta antioxidatzaileetan. Zaporeari dagokionez, berriz, zainzuri zuria leunagoa da eta berdea biziagoa.

Zainzuri zuria jasotzea

Nahiz eta urte osoan kontserban aurkitu eta kontsumitu ahal izan, zainzuri zuriak zein berdeak hobe da garaian kontsumitzea.

Biltzeko garaia martxotik maiatzera bitartean izaten da. Garai horretan, Nafarroako zainzuri zuri naturalak aurkituko ditugu BM Supermerkatu guztietan.

Osaera nutrizionala (100 gr-ko)

Zainzuriek kaloria oso gutxi dituzte, 18-21 kcal artean eta %0ko koipea. Halaber, karbono-hidrato gutxiko elikagaia da, %2ra ere ez da iristen. Horrez gain, %94a ura denez, efektu diuretikoa nabarmena da.

Proteinetan barazkirik aberatsenetarikoa da, %2,2, eta zuntz asko du: 1,5 eta 2 gr artean.

Bitamina eta mineralei dagokienez, zainzuriek honako hauen kontzentrazio handia dute: E bitamina (2,5 mgr), tiamina (B1: 0,12 mgr), erriboflabina (B2: 0,13 mgr), niazina (B3: 1,4 mgr), C bitamina (26 mgr), folatoak (30 µgr), potasioa (207 mgr) edo fosforoa (59 mgr), jada kopuru txikiagoko beste batzuen artean.

Horrez gain, zainzuriek inulina eta oligofruktosa izaten dituzte; hots, kolonean flora onuragarria haztea errazten duten prebiotikoak (bifidobakteria), eta bestelako flora kaltegarria haztea galarazten dute.

Halaber, lignanoak eta flabonoideak izaten dituzte, hainbat azterketak bularreko minbiziaren eta prostataren aurka babestearekin lotzen dituztenak.

Zergatik aldatzen da gernuaren usaina?

Anekdota gisa, esan behar da barazki honek gaitasuna duela gernuaren usaina aldatzeko. Zainzuriak jan dituen edonork jakin badaki gernuak usain bereizgarria hartzen duela.

Berezitasun hori asparragina medio gertatzen da, funtsezko olio lurrunkorraren zatia den substantzia, organismoan metabolizatzean metanotiola osatzen duena. Elementu hori gernuaren bidez kanporatzen da, eta horrek usain bizia sortzen du.

Jan zure erara!

Normalean egosita edo plantxan jaten dira, eta beste gauza askorekin batera jan daitezke: urdaiazpikoa, izokina, gazta-krema, ozpin-olioa, maionesa,… Errezeta mordoa dago!

Prestatzerakoan kontuan izan behar da zainzuriak garbitzeko eta egosteko modu zuzena: batez ere ez ahaztu zurtoin-zati haritsuena kentzea.

Laburtzeko…

  • Zainzuri naturalek -izan zuriak edo berdeak- ia osaera nutrizional bera dute.
  • Efektu diuretikoa dute, eta gernuak usain bereizgarria hartzen du.
  • Aproposak dira obesitatea, diabetesa edo kolesterol altua duten pertsonentzat.
  • Heste-flora onuragarria errazten dute, prebiotiko ugari izateagatik.

Tip Nutrizionala

Zainzuri berdea edo zuria?

  • Zainzuri naturalak, zuriak zein berdeak, nutrizio aldetik ia berdin-berdinak dira. 
  • Berdeak apur bat aberatsagoak dira mineraletan eta antioxidatzaileetan.
  • Kontserbako zainzuriek bitaminak apur bat galtzen dituzte eta 60 mgr bitarteko sodioa (gatza) irabazi.
Marta aguirre   Dra. Marta Aguirre. Nutrizioa y Medikuntza estetikoa