
Elikadura osasungarria
Zainzuri freskoak, zure mahaian falta ezin den udaberriko super-elikagaia
Xamurrak, biguinak eta zaporetsuak; zainzuri freskoak, zuriak zein berdeak, zuntz, A, B, C, E eta K bitamina eta mineral iturri bikaina dira, potasio ugari dute, besteak beste. Kontserba-marka oso ona izanda ere, oraintxe da zainzuriak kontsumitzeko sasoirik onena, inoiz baino freskoago baitaude.
Zainzuri-landarearen zurtoin gazteenak dira zainzuriak, duen zapore biziagatik nabarmentzen den barazki luzanga, gari-zainzuriak batez ere. Ura dute osagai nagusia, proteina, antioxidatzaile eta zuntz kopuru handiarekin. Ezin hobeak dira heste-igarotzea erregulatzeko!
Hori gutxi balitz bezala, duten azido foliko eta potasio kopuru garrantzitsuak presio arteriala erregulatzen eta osasun kardiobaskularra hobetzen laguntzen dute. Lirain mantentzeko eta pisua kontrolatzeko aliatu onak ere badira, efektu asetzaile handia baitute.
Bi zainzuri barietate nagusi daude; batetik, zainzuri berdeak ditugu, eguzki-izpiei esker garatzen direnak, eta berde kolore bereizgarriagatik nabarmentzen direnak. Zuriak, berriz, lurpean hazten dira, eta horregatik dute zapore suabeagoa. Zaporea aldatzen zaien arren, propietate berberak dituzte.
Datu bitxi bezala, ortuari honen berezitasunetako bat da pixaren usaina aldatzeko gai dela. Asparragina deritzon osagaiagatik gertatzen da, batez ere, erreakzio hori; asparragina zainzuriek duten proteinadun aminoazido bat da.
Zainzuri freskoak kozinatzeko aholkuak:
- Aurretiazko prestaketa: Garbitu itzazu ondo, eta moztu zurtoinaren zati gogorra.
- Plantxan salteatuta: Oliba-olio zurrusta batekin, kozina itzazu lau minutuz, haien zaporea nabarmentzeko.
- Irakinda: Murgil itzazu uretan (gatzarekin) hiru minutuz, testura xamurragoa izan dezaten.
- Labean: 200ºC-tan 10-12 minutuz, emaitza gorritu eta intentsoa lortzeko.
- Lurrunetan: Kozina itzazu 5-7 minutuz, haien zaporea eta propietateak hobeto kontserbatzeko.