Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Urak gure elikaduran duen garrantzia

Batez ere jaten ditugun elikagaiei erreparatzen diegun arren, edaten dugunak maila bereko garrantzia du geure burua osasungarri eta energiaz beteta mantentzeko. Har ezazu kontuan gure gorputzaren % 50 eta % 70 bitartean ura dela, adinaren, generoaren eta gorputzaren osaeraren arabera. Haur jaioberrien kasuan, esaterako, % 75era ere iritsi daiteke portzentaje hori!

Gainera, ur-ingurunean gertatzen dira gorputzeko erreakzio kimiko gehienak, eta bizi-funtzioak betetzen ere laguntzen du. Hauexek dira funtzio horietako batzuk:

  • Mantenugaiak eta oxigenoa garraiatzea: mineralak, bitaminak eta glukosa eramaten ditu zeluletara.
  • Toxinak eta hondakinak ezabatzea: giltzurrunen eta digestio-sistemaren lana errazten du.
  • Gorputzaren tenperatura erregulatzea: gorputza gehiegi berotzea saihesten du, izerdiaren bitartez.
  • Artikulazioak eta organoak lubrikatzea: mugikortasuna hobetzen du eta ehun sentikorrak babesten ditu.

Bai, ura gure sistemaren muina da, baina gehienok ez dugu kontsumitzen egunean behar dugun kopurua. Hain zuzen ere, azterketa batzuek iradoki dute biztanleriaren % 75 egon litekeela deshidratazio kroniko arineko egoera batean, ohartu ere egin gabe. Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzaren (EFSA) esanetan, gizonezkoek egunean 2,5 bat litro ur edan beharko lukete, eta emakumeek 2 litro. Nola irits gaitezke kopuru horretara modu erraz batean?

Hidratazio kontzientea: uretik haratago

Ba al zenekien barneratzen dugun uraren % 20 eta % 30 bitartean elikagaietatik datorkigula? Horrek esan nahi du gure dietak ere lagun diezagukeela hidratatuta egoten, eta ez ura edateak bakarrik. Hona hemen elikagai hidratatzaileen aukera batzuk:

  • Fruta eta barazki freskoak: angurriaren, meloiaren, marrubien, kuiaren eta letxugaren % 90 baino gehiago ura da. Gainera, zuntza eta bitamina esentzialak dituzte.
  • Zopak eta saldak: hidratatuta egoteko aukera bikaina dira, plater suspergarri batez gozatzen dugun bitartean. Negua da zopak eta saldak hartzeko urtarorik gustukoena! Nolanahi ere, udako zopa hotzen aukera ere zabala eta tentagarria da.
  • Infusioak eta tea: alternatiba bikaina, uraz aspertu ez gaitezen. Gainera, antioxidatzaileak dituzte, baita propietate digestiboak eta lasaigarriak ere. Osagai naturalak gehituta (limoi-xaflak edo jengibrea), freskoagoak egingo zaizkigu, eta aparteko onurak eskainiko dizkigute.
  • Esnekiak eta edari begetalak: esnearen % 87 inguru ura da, eta kaltzio- eta proteina-iturri naturala da.

Eramateko ur minerala

Botilatutako ur minerala geure burua edozein unetan eta lekutan hidratatzeko aukera praktikoa eta eskuragarria da. Gainera, bere purutasunagatik eta mineral esentzialak dituelako nabarmentzen da, hala nola kaltzioa, magnesioa eta fluorra, hezurren eta muskuluen osasuna zaintzeko, nerbio-funtzioari laguntzeko eta hortzen esmaltea indartzeko egokiak, hurrenez hurren.

Zure eguneroko hidratazioa hobetzeko aholkuak

  1. Ez itxoin egarriz egon arte: egarria deshidratazio-seinale berantiarra da. Saia zaitez egunean zehar modu erregularrean ura edaten.
  2. Eraman beti ur botila bat aldean: batez ere etxetik kanpo zaudenean edo kirola egiten duzunean.
  3. Sartu elikagai hidratatzaileak zure dietan: Kontsumitu fruta, barazki eta zopa gehiago.

Ikusten duzun bezala, hidratatzea ez da soilik ura edatea; gure gorputzarekiko zainketa-ekintza bat da. Egarri-seinaleak entzutea, edari osasungarriak aukeratzea eta dieta ur kopuru handia duten elikagaiekin osatzea gure osasuna hobetzeko urrats errazak dira.