
Sasoiko produktua
Udan ezin da tomaterik falta
Tomatea jatorri amerikarreko fruta bat da. 100 barietate baino gehiago daude eta itxuraren, tamainaren edo sukaldaritzako erabileraren arabera sailkatzen dira: adarrekoak, cherry tomateak, udare-formakoak, kumatoak, idi-bihotzeko tomateak…
Tomatea urte osoan kontsumi daitekeen produktua da; izan ere, bi urtarokotasun ditu: udazkena-negua eta udaberria-uda. Azken hori da, hain zuzen, tokiko tomatea edo baserriko tomate arrosa jateko unerik aproposena.
Zer dela eta kontsumitu behar dugu? onura ugari dituelako. Ahalmen hidratatzaile izugarria du, haren osagairik nagusiena ura delako (% 95). Halaber, pisua galdu edo mantendu nahi dutenei tomatea jatea gomendatzen zaie, kilokaloria gutxi dituelako.
Horrez gain, bitamina-iturri garrantzitsua da. Hain zuzen, C, E, B1 eta B6 bitaminak, beta-karotenoak edo A probitamina ditu (gure gorputzean metatzen dira, eta A bitamina bihurtzen dira gure begiak edo azala eguzkiarengandik babesteko).
Bestalde, mineral asko ditu; fosforoa, potasioa, magnesioa eta burdina, kasu. Likopenoen iturria ere bada, bihotza eta hezurrak osasuntsu mantentzeko ahalmen handiko antioxidatzailea, E bitamina baino are garrantzitsuagoa. Horrez gain, egiaztatu da hainbat minbizia moten aurrean, prostatarena, kasu, efektu babeslea duela.
Tomateak: puntu-puntuan beti
Normalki, tomatea gorritzen denean jateko prest egongo da. Dena dela, egunkarian bildu eta itzaletan utziz gero, lehenago helduko da. Aldiz, hozkailuan sar daitezke heltze-prozesua eten eta hainbat egunez mantentzeko.
Tomatea erabilera anitzeko barazki mota bat da. Entsaladak, saltsak eta gisatuak prestatzeko ezinbesteko osagaia da, eta udan ere aukera ona da gazpatxoak edo freskagarriak egiteko; hala nola tomate-zukua edo tomate- eta apio-zukua.