Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Osasuna eta Elikadura

Udaberriko alergiei aurre egiteko jakiak

Martxoaren 20an sartu ginen udaberrian ofizialki eta, udaberriarekin batera, iritsi zaizkigu urte-sasoi horretako alergiak ere. Alergiok dituzten pertsonak hasi dira dagoeneko sintometako batzuk nabaritzen:doministikuak, begietan azkura, buruko minak... Eta hori nabaria da antihistaminikoen eta beste botika batzuen kontsumoan, kolirioen eta eztularen kontrako botiken kontsumoan, esaterako; izugarri egiten dute gora, bat-batean. Botika horiek, baina, askoz eraginkorragoak izango dira elikadura egokiarekin osatzen baditugu.

Luzea da udaberriko alergien sintomei aurre egiten lagun diezaguketen elikagaien zerrenda. Hain zuzen ere, ikerketa batzuek baieztatu egiten dute harreman estatistikoa dagoela fruta, barazki eta arrain kontsumoaren eta alergia ratio txikiagoaren artean.

Elikadurak ezinbesteko egitekoa dauka alergietan; horregatik, komeni da jakietan zein dohain bilatu behar dugun jakitea,udaberriko alergiei aurre egiteko.

Antioxidatzaileak
Antioxidatzaile ugariko dietak lagundu egingo digu errinitis alergikoaren sintomak murrizten; horregatik, egunean, gutxienez, bost fruta edo barazki anoa jatea komeni da, antioxidatzaile maila ona izateko. Infusio batzuek ere lagungarriak dira maila egoki horri eusteko, hala nola, te berdea edo te gorria.

C bitamina eta azido folikoa
C bitamina eta azido folikoa dohain antiinflamatorioak dituzten mantenugaiak dira eta doministikuei, eztulari eta azkurari aurre egiten laguntzen dute. Sintomak arintzen lagunduko digute brokoliak, azak, baratxuriak eta tipulak, besteak beste. Eta, jakina, ez itzazu ahaztu zitrikoak zure dietan.

B5 bitamina
B5 bitamina asko duten elikagaiak oso gomendagarriak dira, muki pilatzea arintzen laguntzen dute eta.Hor ditugu, besteak beste, garagar-legamia, gari-zahia eta gari-hozia, lekaleak eta fruitu lehorrak.

Omega 3
Omega 3 gantz-azidoek eragin antiinflamatorioa dute, eta alergiaren eta asmaren sintomak murrizten dituzte; arrain urdina da omega 3 duen elikagaietako bat.

Prebiotikoak
Prebiotikoek immunitate-sistema indartzen laguntzen digute. Udaberriko zure erosketa-zerrendan sartu beharreko elikagaiak dira orburuak, bananak, patata eta batata, hainbat zereal integral eta jogurtak, besteak beste.

Hidratatzea
Sintomak arintzeko hartzen ditugun botiketako asko oso diuretikoak dira. Horren eraginez eta alergien ondoriozko malko eta muki gehiegien ondorioz, ohikoa baino likido gehiago galtzen dugu; horregatik, aparteko hidratazioa behar dugu: bizpahiru litro ur egunean.

Ikusten duzuen bezala, alergien sintomak arintzen laguntzen duten elikagai asko dago, baina ez dezagun ahaztu, era berean, sintomak larriagotu ditzaketen elikagaiak ere badaudela. Zentzu horretan, proteina kontsumoa murriztea, eta eztia edo polena daukan beste edozein elikagai saihestea komeni da.