
Sasoikoa
Uda-sasoiko produktuak
Behin eta berriz errepikatuko dugu: sasoian sasoiko produktuak kontsumitzea da onena. Eskertuko du zure poltsikoak, produktuek prezio hobea izaten baitute dagokien sasoian; eskertuko du zure ahogozoak, kontsumitzeko punturik onenean egoten baitira, bai eta zure osasunak ere, sasoiko produktuek hobeto kontserbatzen baitituzte beren propietateak.
Uda hasi zaigu, fruta eta barazki gehien eskaintzen digun urtaroa; eta itsasoak ere asko dauka eskaintzeko. Beraz, gogoan izan udako hilabete hauetan zer sartu behar duzun zure saskian.
Lurrekoak
- Hezurdun frutak: Abrikotak, mertxikak, nektarinak, paraguaioak, aranak…fruta horiek guztiek, barruan duten hezurraz aparte, badute beste zerbait ere:udako izarrak dira.Oro har, hobeto kontserbatzen dira hozkailutik kanpora, baina udan tenperatura altuak izaten ditugunez, oso helduta baldin badaude, hobe hozkailuan gordetzea.
- Gereziak: Gezurra dirudi horren fruta txikia izanik, horrenbeste propietate edukitzea. Bihotzeko hainbat gaixotasun izateko arriskua murrizten dute gereziek; melatonina dutenez, ezin hobeak dira insomnio arazoak dituzten pertsonentzako, loaren zikloak erregulatzen laguntzen baitute; memoriaren galera prebenitzen dute; antiinflamatorio naturalak dira, giharretako minei aurre egiteko ezin hobeak; eta abar luze bat. Gainera, kaloria gutxi eta antioxidatzaile ugari dute. Azkar ibili gereziak kontsumitu nahi badituzu, uda hasierako jakiak baitira, eta laster ez dira egongo kontsumitzeko punturik onenean.
- Meloia eta angurria: Ur kopuru handiena duten frutak dira (beren pisuaren % 90 inguru); horri esker, askorentzako frutarik gustukoenak dira bero handieneko hilabete hauetan. Gehien freskatzen gaituztenak dira.
- Alberjinia eta kuiatxoa: Maiatzean hasten dira barazki bi horiek, eta irail edo urrira arte aurki ditzakegu. Horregatik, oraintxe da kontsumitzeko garairik onena.Nabarmentzekoa da azido foliko kopuru handia dutela.
Itsasokoak
- Hegaluzea: Udako hilabeteetan da hegaluze denboraldia, eta urrira arte luza daiteke. Hegaluzearen koipeak omega 3 erako gantz-azidoak dauzka, kolesterol-maila murrizten laguntzen dutenak.
- Kabrarroka: Arrain zuri erdikoipetsua da; ohikoa da kabrarroka-pastel tipikoan prestatuta ikustea.Hala ere, beste modu askotara ere presta daiteke.Labean, plantxan, saltsan, gisatua edo are zopan.
- Sardinak: Udako arrain ohikoenetako bat da; hain zuzen ere, ez dago sardina-janik gabeko San Joan gaurik. Urteko gaurik laburrenak markatzen du sardina denboraldiaren hasiera.