
Sasoiko produktua
Txirimoia, maila handiko fruta
Txirimoia bihotz-formako fruta tropikala da, ezkatadun azal berdea duena. Zuria eta mamitsua da barrurik, eta erraz kentzen diren hazi handiak ditu. Zapore gozoa eta, aldi berean, garratza du, ananaren edo mangoaren antzera.
Gune garaietan hazten da fruta exotiko hau. Ustez, Txile, Kolonbia eta Peruko andetar parajeetan du jatorria. Amerikako konkistaren ondoren iritsi zen Europara, eta mundu osoan hedatu zen.
Udazkenean eta neguan kontsumi dezakegu, eta neguan iristen da heltze-puntu egokienera.
Txirimoia:bananak baino potasio gehiago
- Energia-iturri: Txirimoiaren % 20 inguru dira karbohidratoak, glukosa eta fruktosa batez ere; horregatik du zapore gozoa.
- Zuntz-dosi ederra: Urdail-hesteetako osasun onari eusten laguntzen du eta, gainera, odoleko azukre-mailak erregulatzen ditu. Efektu asetzailea ere badu; horregatik, aukera ona izan liteke otordu artean jateko.
- C bitamina kopuru handia: Dituen funtzioen artean, sistema immune sendoa mantentzea dago, horren garrantzitsua dena bizi izaten ari garen honetan; baita burdina xurgatzea eta zauriak orbaintzea ere, besteak beste.
- Potasio ugari, sodio gutxi: Gomendagarria da tentsio altuko pertsonentzako. Halaber, diuretikodun tratamenduak izanik, potasioa kanporatzen duten pertsonek mineral horren gabezia saihets dezakete txirimoia kontsumituta, bananak berak baino potasio kopuru handiagoa baitu (382mg. potasio 100 gramo bakoitzeko).
- B6 bitamina du: Energia eskuratzeko prozesuan, haurdunaldian eta haurtzaroan garunaren garapenean edo nerbio-transmisoreen sintesian hartzen du parte bitamina horrek; azken horri dagokionez, baita gogo-aldarte onaren arduradun diren serotonina eta dopaminarenean ere. 251 pazienterekin egin zen azterlan batek ondorioztatu zuen bitamina horren defizitak depresioa izateko aukera bikoiztu lezakeela. Txirimoiak, beraz, bitamina horren eguneroko maila egokiak eskuratzen lagunduko digu eta, azken batean, osasun mental ona izaten.
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |