Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Trukuak

Trikimailuak, etxean gurina egitea kaos bat izan ez dadin

Nahi al duzu etxean gurinaren zeure bertsio propioa prestatzea? Ondo da; izan ere, benetan erraza da gurina prestatzea, eta estualdietatik aterako zaitu, gurin beharrean zaudenetan eta erostea ahaztu zaizunetan.

Esne-gaina –esneak baino koipe gehiago du– indarrez irabiatuta eta gainerako osagaietatik bananduta lortzen den produktua da gurina. Gozogintzako errezeta asko egin dezakegu gurinarekin, baita ogi txigortuan igurtzita jan ere.

Gainera, neurrian jaten badugu ez da kaltegarria, baizik eta onura asko ditu, bitaminak eta mineralak esaterako. Aholku batzuk emango dizkizugu, goxo-goxoa atera dagizun, eta ez dezazun batere arazorik izan.

Osagaiak

250 bat gramo gurin egiteko errezetaren osagaiak:

600 ml harrotzeko esne-gain (egokiena da gutxienez % 35eko koipekia izan dezala).

Gatz koilarakada erdi (aukeran).

Landare aromatiko freskoak (aukeran).

Nola prestatu

Gurina prestatzen hasi aurretik, ziurta ezazu esne-gaina oso hotza dagoela; eduki ezazu hozkailuan aldez aurretik. Behin hozkailutik ateratzen duzunean, bota ezazu ontzi batean, eta ahal izanez gero, hobe ontzi hori ere hotza baldin badago; har ezazu kontuan nahikoa altuera izan behar duela ontziak, esne-gaina harrotzen duzunean, bolumena hartuko baitu.

Irabiatzen hasteko unea da. Praktikoena da irabiagailu elektriko bat erabiltzea, esne-gaina harrotu dela ikusten duzun arte. Puntu horretara iritsita, irabiatzen jarraitu behar duzu, esne-gainaren testura aldatu arte, eta likidoa eta koipea banantzen hasten diren arte.

Hondoan geratzen den likidoa esne-gazura da, eta kendu egin behar dugu, iragazki baten laguntzarekin. Trikimailu bat: ez ezazu bota gazura; besteak beste, bizkotxoak egiteko erabil dezakezu.

Behin gazura kendu ondoren, koipekiarekin geratuko gara (gurinarekin). Gure gustuen arabera, gatz pixka bat edo beste osagai batzuk gehitzeko unea da, hala nola ezkaia edo albaka, eta ondo nahastu beharko ditugu gurinarekin, pixka bat gehiago irabiatuta.

Egin dugun gurina atera, eta forma emango diogu, ore trinko bat lortu arte, adibidez bola bat eginda. Ia amaitu dugu.

Hori egin ondoren, ur hotzez betetako ontzi batean sartuko dugu gurina, urtu ez dadin. Gainera, garbitzeko aprobetxatuko dugu; era horretan, gera litekeen edozein gazur hondakin kenduko diogu, eta paper xurgatzailez lehortuko dugu. Sukaldari batzuek nahiago dute gatza une honetan botatzea eta ez lehenago.

Prest daukagu! Aurkezteko, barra forma eman diezaiokezu, adibidez. Hori bai, gogora ezazu beti hozkailuan kontserbatzea, ontzi hermetiko batean sartuta.

BM Supermerkatuetan, zeure gurin propioa prestatzera animatzen zaitugu, eta jakinarazten dizugu jakiak prestatzeko esne-gain marka aukera handia dugula.

BM Kontuaren SMS komunikaziorik jaso nahi ez baduzu, harpidedun izateari utzi dezakezu zure profilean hemen sartuz edo 900 555 300 telefonora deituz.