
Sagar errea karamelu gaziarekin
Lau lagunentzako osagaiak:
Lau errege-sagar
80 gramo gurin
100 gramo azukre
Kanela-hautsa
Esne-gain harrotua egiteko:
Harrotzeko esne-gaina, 100 gramo
15 gramo azukre
Karamelu gazia egiteko:
Litro erdi sagardo
100 gramo azukre
Gatza
Intxaurrak, zurituta
Menda
Nola prestatu:
Kendu erdigunea sagarrari, erdiragarri baten laguntzarekin. Bete barrua gurinez eta azukrez, eta labekatu 25 minutuz, 180 ºC-tara. Labeak horretarako aukerarik baldin badu, gomendagarria da aireztapena aktibatzea.
Esne-gain harrotua egiteko
Nahastu esne-gaina eta azukrea, eta utzi hozten. Jarraian, harrotu ezazu, hagaxka batekin. Esne-gaina zenbat eta hotzagoa egon, errazagoa izango da hura harrotzea, eta trinkoago geratuko da.
Karamelua egiteko
Jar ezazu azukrea kazola batean, su geldoan, azukreak kolore horixka hartzen duen arte. Bota azukrea sagardoari kontu handiz (tenperatura aldearen eraginez, zipriztin dezente bota dezake). Eragin ondo nahasketari, eta murritz ezazu, jarabe arin baten trinkotasuna hartzen duen arte. Gehitu gatza, eta utzi nahasketa hoztu dadin.
Platerera ateratzerakoan, jarri lehendabizi sagarra platerean. Ondoren, jar ezazu harrotutako esne-gain bola bat gainean, eta bota gainetik intxaurrak eta menda-hostotxoak. Azkenik, isuri karamelu gazia, kanela nahierara, eta prest dago!
- POSTREAK
- GOZOAK
- ZAILTASUNA: TXIKIA
- DENBORA: 30'-60'