Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Running

Running terapia: konfiantza eta ongizate mental handiagoa

Korrika egiteko zure kirol-oinetakoak jantzi; lasai-lasai luzaketa-ariketak egin (zure playlist gogokoena aukeratzeko aprobetxatzen duzun bitartean), arnasa sakon hartu eta zure buruan entrenamendurako ibilbidea, erritmoa eta helburuak errepasatzen dituzu. Eta asfaltora!!! edo, are hobeto, horren gustuko duzun zuhaitz arteko bide eder horretara.Errutina fisiko hori liberazio mentaleko ariketa bikaina ere bada.

Zientziak argi esan du kirola egitearen eta egoera mentalaren arteko erlazioa dagoela. Ohiko kirolaria baldin bazara, badakizu zer den entrenamenduaren ondorengo ongizate-sentsazio hori (gorputzak serotonina eta endorfina sortzen dituelako gertatzen da). Beraz, esan daiteke kirola egiteak berehalako balio terapeutikoa duela, estresa arintzen laguntzen baitu.

Azterlan batzuek, gainera, diote kirola modu erregularrean egiteak epe luzerako beste onura psikologiko batzuk ere badituela; besteak beste, arreta, kontzentrazioa eta memoria hobetzen ditu, eta norbere buruarengan konfiantza handiagoa izaten laguntzen du.

Azkeneko hori beharbada agerikoagoa da runningean, jarduera indibiduala eta independentea denez, erronka eta hazkuntza pertsonala bilatzen dituena, ezarritako helburuak lortzeak autoestimua garatzen laguntzen baitu.

Hauexek dira korrika egitearen onuretako batzuk:

  • Antsietateari aurre egiten laguntzen du: neurotransmisoreak sortzen direnez, urduritasun egoerak murriztu egiten dira.
  • Konfiantza hobetzen du: osasun fisikoa eta psikologikoa hobetzen direnez, norbere buruarekiko pertzepzioa ere hobetu egiten da.
  • Koordinazioa eta kontzentrazioa garatzen ditu: arnasketa, oinak, eskuak eta abar kontrolatzea eskatzen duen lan fisiko zorrotz batera bideratuta egotea exijitzen du.
  • Memoria indartzen du: Funtsezko prozesuak sustatzen ditu, neuro-genesia (neuronen sorkuntza) eta burmuinaren neuro-plastikotasuna kasu.
  • Meditazioa errazten du: bakarrik korrika egiteak norbere buruarekin konektatzeko aukera ematen du.
  • Erlaxagarria da eta atsedenerako mesedegarria: modu neurritsuan korrika egiteak odolaren zirkulazioa eta bihotz-maiztasuna hobetzen ditu eta, horrela, gorputza erlaxatu egiten da eta hori mesedegarria da atseden hartzeko (lotaratu baino bospasei ordu lehenago).

Eta ez dago gorputzari egurra eman beharrik eraginak nabaritzeko: nahikoa da astean 3-5 aldiz 30 minutuz korrika egitea. Garrantzitsuena da jarraitutasuna lehenestea, eta ez hainbeste intentsitatea edo iraupena. Jatorri satirikoa duen arren, “mens sana in corpore sano” erromatar esaldiak balio diezaguke: gorputz orekatua buru orekatu batean.