
Mimatu zure burua
Presta ezazu zure larruazala udaberriko lehenengo eguzki-izpiak hartzeko
Eguraldi ona iristen denean, berokiak eta jakak kentzen hasten gara, eta neguan ezkutuan eta –beharbada– behar bezala zaindu gabe izan ditugun gorputz-atalak agerian jartzen ditugu. Zuhurtziaz jokatu behar dugu eguzkitan jarri aurretik, eta prestatu egin behar dugu gure larruazala, udaberri honetan ezin hobeto egon dadin.
Larruazal distiratsua eta udaberriko lehenengo eguzki-izpiak jasotzeko prest dagoena lortzeko eguneroko errutina batzuk azalduko dizkizugu. Zaindu ezazu zure burua urtaro aldaketarako!
Azukrea, esfoliatzaile gozoa
Neguan lehorrago egoten da dermisa, eta esfoliatzeak zelula hilak kentzen eta eguzkitarako prestatzen laguntzen du. Eta zer hoberik, hori esfoliatzaile natural batekin egitea baino?
Harrituko zaituen osagai batekin esfoliatzea proposatzen dizugu: azukrearekin. Produktu hori –neurriz kanpo erabiliz gero oso osasungarria ez den arren– izango da zure larruazala zaintzeko etxeko esfoliante perfektua prestatzeko oinarria. Nahastu 7 koilarakada azukre eta 5 koilarakada oliba-olio, eta eman ezazu aurpegian eta gorputzean, masaje zirkularrekin (kentzeko, erabil ezazu ur epela).
Azukrea bananarekin ere nahas dezakezu beste esfoliatzaile orijinal bat egiteko; bananak potasio ugari du, eta potasioak larruazala elikatzen eta leuntzen du. Nahasketa hori egiteko, birrindu ezazu banana, eta nahastu 4 koilarakada azukrerekin. Aplika ezazu aurreko nahasketa bezala.
Aurpegirako:etxean egindako maskara!
Aurpegia da gehien sufritzen duten gorputz-ataletako bat, etengabe baitago bistan. Kasu honetan, oso egokia da etxean egindako maskara bat, ez baitu produktu kimikorik, merkea baita eta prestatzeko erraza. Gure iradokizunak:
- Jogurtaz eta eztiz egindako maskara:Jogurta klasiko bat da etxean egindako maskaren artean; izan ere, esfoliatu eta hidratatu egiten du, eta horren desatseginak diren pikortatxoak kentzen laguntzen du. Eztiak, berriz, larruazala leundu eta hidratatu egiten du. Maskara hori prestatzeko, nahas itzazu bi koilaratxokada jogurt natural eta bi koilaratxokada ezti, eta estal ezazu zure aurpegia 20 minutuz; kontuz, ez ezazu jarri begi inguruan. Kendu maskara ur epela erabilita.
- Luzoker eta limoi maskara:Luzokerra da zainketa eta edertasuneko produktu natural nagusietakoa. Hidratatu egiten du, ezpurutasunak kentzen ditu, begi-zuloak murrizten ditu, eta kolagenoa sortzen laguntzen du. Limoiak, berriz, garbitzeko ahalmen handia du. Maskara hori prestatzeko, nahikoa da limoi erdi baten zukua egitea, eta zuku horri luzoker-xerra batzuk gehitzea. Irabiatu nahasketa hori, zabaldu aurpegian, eta utz ezazu 15 bat minutuz.
- Garagar-legamiz eta arrautza-zuringoz egindako maskara:Legamiak detox ahalmen handia du, eta arrautza-zuringoak tinkotasuna ematen dio larruazalari, eta gehiegizko koipea murrizten du. Maskara hori prestatzeko, nahas ezazu arrautza-zuringoa koilarakada bat garagar-legamirekin, eta utzi jalkitzen 15 bat minutuz, aurpegian aplikatu aurretik.
Hidratazio egokia
Eta amaitzeko, bainatu edo dutxatu ondoren, gorputz osoa behar bezala hidratatzea komeni da, ahaztu ohi ditugun gorputz-atalak barne, ukondoak, orpoak eta belaunak, besteak beste.
Eguzki-erradiazioarekin ager daitezkeen orbanak zaintzea ere garrantzitsua da. Hori saihesteko, funtsezkoa da eguzkitik babesteko babes-maila handiko produktuak erabiltzea.
Aholkua
Gehiegi heldu diren bananak al dituzu frutaontzian?Ez itzazu bota!Esfoliatzaile natural bat egin dezakezu fruta hori erabilita.Bananak duen trinkotasun oretsuari esker, esfoliatzaile bikaina da, azukrearekin nahastuta.Fruta horrek larruazala elikatzeko, leuntzeko eta argitzeko ahalmena du.