Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Sasoiko produktua

Piku eta uztapiku

Pikua da pikondoaren fruitua, eta abuztutik irailera heltzen da. Hala ere, badira ekainetik uztailera bitartean aparteko uzta, uztapikuak, ematen dituzten pikondoak. Horixe da “De higos a brevas” esamoldearen jatorria.

Orduan, honako hau da galdera: zuhaitz beretik sortzen badira, fruitu bera al dira uztapikua eta pikua? Itxuraz antzerakoak diren arren, badituzte alde nabarmen batzuk, bai alderdi biologikoari dagokionez (heltze-zikloa), bai alderdi organoleptikoari dagokionez (zaporea eta testura).

Uztapikuaren historia laburra

Egiatan, uztapikuak aurreko uzta-sasoiko piku ‘heldugabeak’ dira. Hau da, abuztuan edo irailean heltze-zikloa osatu ez zuten eta hurrengo denboraldiko lehenengo beroaldiak iritsi arte ‘hibernatzen’ dutenak.

Uztapikuek madari forma dute eta ilunak dira (more eta beltz arteko kolorea), eta pikua baino azal finagokoak.  Gainera, handiagoak dira, baina ez pikuak bezain gozoak (ur kopuru handiagoa), eta mamia zuri eta arrosa kolore bizi eta gorri artekoa da.

Pikuak, berriz, txikiak eta gozoak dira, haragi zuriago edo arrosagokoa, eta uztapikua baino aromatikoagoa.

Bi fruitu, dohain berberak

Nutrizioari dagokionez, dohain berberak dituzte uztapikuek eta pikuek. Haien ezaugarri nagusia da egiten diguten energia-ekarpena. Izan ere, uraz gain (% 80), karbohidratoak dira haien osagai nagusia (glukosa, fruktosa eta sakarosa).

Nabarmentzekoa da duten A, B1, B2, B3 eta C bitamina kopurua; baita mineral batzuen presentzia ere, hala nola magnesioa (20 mg. / 100g.), potasioa (270 mg.), kaltzioa (38 mg.) eta fosforoa (22 mg.). Gainera, digestioari laguntzen diote, kradina izeneko hartzigarri bat eta zuntz kopuru handia dutelako, heste-igarotzea hobetzen duena.

Ikuspuntu gastronomikoari dagokionez, uztapikuak pikuak baino preziatuagoak dira, duten tamainagatik eta uztapiku gutxiago sortzen delako. Hala ere, biekin egin daitezke ia prestakin berberak: marmelada edo tarta; osagarri gisa erabili edo saltsa bat presta daiteke haragi errearekin kontsumitzeko; edo piku-ogia egin dezakegu, besteak beste.