
Trukuak
Patata frijituen ordezko osasungarriak plateren osagarri gisa
Patata frijituak gure plateretako osagarri ohikoenetako bat dira, eta oso goxoak daude, bai. Baina, koipe eta karbohidrato asko dituztenez, ez dira gure ohiko dietako osagarririk egokiena.
Hona hemen patata frijituak baino osasungarriagoak, errazagoak eta bizkorragoak diren ordezko batzuk platerean jartzeko:
- Mikrouhin-labean egindako patata, olioarekin eta espeziekin: sartu patata oso bat, azal eta guzti, mikrouhin-labean, bost bat minutuz (zula ezazu leher ez dadin!), eta, zerbitzatzerakoan, bota iezazkiozu oliba-olio birjina estra, gatza eta piperrautsa, albaka, ezkaia, perrexila, erromeroa edo gustuko duzun beste espeziaren bat.
- Panadera patatak labean erreta: motz itzazu panadera erara eta margo itzazu olioarekin labean sartu aurretik; eman iezaiezu buelta, bi aldeetatik dora daitezen.
- Patata-pastelak: birrindu patata eta egin menditxoak labe-azpilan; bota iezazkiezu olioa eta gatza, eta itxaron doratu arte.
- Patata-purea azalorearekin: egosi hiruzpalau patata eta azalore bat. Zuritu patatak eta sar itzazu puregailuan. Bota iezazkiozu olioa, gatza eta, krematsua gera dadin, azalorea (gurina edo esnea erabili ordez), nahastu dena ondo. Espeziak ere gehi ditzakezu; besteak beste, estragoia, tipulina, baratxuria, erromeroa…
Aukera horietako bat ere ez baduzu gustuko eta patata frijituak jan nahi badituzu, ondo etorriko zaizu kontuan izatea frijitzerakoan ere badirela patatak osasungarriagoak izateko teknikak eta trikimailuak:
- Ahal dela, etxeko patata frijituak izan daitezela.
- Erabili frijitzeko patata eta oliba-olio birjina estra.
- Ez bota gatz gehiegi.
- Erabili frijigailu bereziak. Modelo batzuetan, nahikoa da koilarakada bat olio botatzea, aire beroko ziklo batekin baitabiltza.
- Ez itzazu gehiegi doratu. Horrela, akrilamida saihesten da; substantzia hori arriskutsua izan daiteke eta almidoi askoko elikagaiak goi-tenperaturetan berotzean agertzen da. Hortaz, hobe da patatak gehiegi ez doratzea.
- Egos itzazu lehenago. Patatek olio gutxiago xurgatzea nahi baduzu, egos itzazu lehenago. Motz itzazu zerrendatan eta egos itzazu 10 minutuz bigun daitezen (ez ahaztu ondo kendu behar diezula ura frijitu baino lehen!).
- Ez moztu patatak meheegi, olio gehiago xurgatzen baitute.
- Erabili paper xurgatzailea patatak jalkitzeko eta haiei gehiegizko koipea kentzeko.
Dieta osasungarriagoa izan dezazun, ahal dela, jan patata frijituak barazkiekin edo proteinekin, baina ez beste fekula edo irin batzuekin; besteak beste, ogitartekoak, pasta, etab. Hona hemen aukeretako batzuk:
- Azenario birrindua, txanpinoi-orriak plantxan eta etxean egindako tomate-saltsa. Tomate naturala egiteko, ontzi batean jarri oliba-olio pixka bat eta tipula-erdi txikitua. Itxaron tipula gorritu arte eta gehitu azalik gabeko tomate heldua eta gatz pixka bat. Utzi loditzen eta irabiatu ondo.
Jakina, frijitzeko patata-poltsa bereziak ere aurkituko dituzu BM supermerkatuetan.