Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Italia

Pasta nola prestatu ondo

Italiar pasta prestatzeak oso erraza dirudi, azken batean, kontua da lapikoa ur irakinez betetzea eta pasta egostea. Baina hori baino askoz gehiago da eta, egia esan, akats asko egiten ditugu, oro har, zeregin horretan. Bere sekretua dauka pasta ondo prestatzeak, edo behintzat, italiar estilora prestatzeak. Jarraian, zenbait aholku emango dizkizugu, zure pasta platerak italiar chef onenek miresteko modukoak izan daitezen.

  • Lapiko handia erabiltzea

Tamaina dezenteko lapikoa erabiltzea komeni da. Ez da beharrezkoa etxeko lapikorik handiena erabiltzea ere; eta, jakina, prestatu behar dugun pasta kopuruaren araberakoa izango da, zenbat pertsonarentzako prestatu behar dugunaren araberakoa. Baina fusilli, fettuccini, spaghetti edo aukeratu dugun pasta mota ondo sartzeko adinako espazioa daukan lapikoa aukeratzen saiatuko gara. Era horretan, ondo egostea eta testura egokiena izatea lortuko dugu.

  • Gatza bai, oliorik ez

Horixe da askotan egiten ditugun akats nagusietako bat. Ondu egin behar da pasta irakiten jarriko dugun ura, baina gatzarekin soilik, inoiz ere ez olioarekin. Oliba-olioak zapore hobea emango diola uste izaten dugu, baina lortzen dugun gauza bakarra da pasta labainkorragoa izatea. Urari bota beharreko gatz kopuruari dagokionez, italiar sukaldariek eskuzabal jokatzea gomendatzen dute. Pastak ez du erraz hartzen gatza; horregatik, uretan geratzen da gatzik gehiena.

  • Har ezazu pazientziaz

Askotan egiten dugun beste akats bat da ez itxoitea ura irakiten hasi arte. Pazientzia gutxi izaten dugu, eta behar baino lehen botatzen dugu pasta lapikora. Hobeto da urak behar adinako berotasuna hartu arte itxoitea, pasta ez dadin itsaskorra geratu.

  • Mugitu

Pasta lapikoan dago. Eta orain, zer? Itxoiten geratuko al gara, beste ezer egin gabe? Bada, ez, ez dugu ahaztu behar zer prestatzen ari garen; adi egon behar dugu pasta egosten ari den bitartean, eta noizean behin mugitu egin behar dugu. Horrela, ez da lapikora itsatsiko.

  • Puntuan, al dente

Izan dezakegun zalantzetako bat egosteko behar duen denbora izan daiteke. Oro har, pasta paketean bertan jartzen duena hartzen dugu kontuan, baina adituek gomendatzen digutena da pare bat minutu lehenago ateratzea, orduantxe egongo baita al dente. Kontuan izan behar da gero, saltsarekin nahasterakoan, denbora gehiagoz egongo dela sutan eta orduan amaituko dugula prestatzeaz.

  • Uretatik pasatu, bai edo ez?

Horixe da beste sakrilegio bat italiarrentzat. Pasta ez da uretatik pasatu behar egiten dugun bezala, ur hotzezko turrusta azpian jarrita; zapore guztia kenduko diogu hori eginez gero. Pasta al dente dagoenean, iraztontzi batean jarri behar dugu ur soberakina kentzeko eta jarraian saltsari gehitu.

  • Bere neurrian

Italiarrei gustatzen ez zaien beste gauza bat da pasta platera saltsan bustitzea. Pastak pasta zaporea izan behar du, eta saltsak bere neurriko garrantzia izan behar du.

Orain bai, italiar erako pasta plater goxoaz gozatzeko unea iritsi da. Buon appetito!