
BM Supermerkatuak
Ongintzarako tren turistiko bat ibiliko da Zarauzko kaleetan uda honetan
BM Supermercadosek eta Zarauzko Udalak ongintzarako tren turistiko bat jartzen dute martxan gaur, uztailak 16, eta kostaldeko herri horretako kaleetan barrena ibiliko da trena aurtengo udan. Ekimen aitzindaria da, eta bi helburu ditu: batetik, Zarauzko herritar eta bisitarientzako aukera ludiko bat eskaintzea, eta, bestetik, pertsona behartsuenekiko elkartasunezko eta sentsibilizazioko ekimen batean laguntzea, batez ere gaur egungo testuinguruan.
Horrela, egindako bidaietatik lortutako diru guztia Zarauzko Caritasi emango zaio, premia duten familiei laguntzeko eta babesa emateko programetarako. Txartel solidarioa euro batean salduko da, eta trenean bertan ordaindu beharko da.
Trenak 74 lagunentzako tokia du, eta 10:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara ibiliko da martxan, astelehenetik igandera, abuztuaren 31ra arte. Ibilbideak 30 minutu iraungo du, eta Herrikobarra kaleko 23. zenbakitik abiatu eta han amaituko da, hauetatik pasatuta: San Frantzisko, Nafarroa, Seitximeneta, Gipuzkoa, Kasino, Lapurdi, Kortazar, N-634ko biribilgunea, Elizaurre, San Inazio, Bizkaia eta Foruen kalea.
Segurtasuna bermatzeko, maskara nahitaez erabili beharko da; trenak gel-banagailua izango du, eta atsedenaldietan garbitu egingo da.
Pertsonekiko eta ingurunearekiko erantzukizuna
Hazkunde- eta kalitate-plan bat garatu du BM Supermercadosek, alor sozial eta ekonomikoan eta ingurumen-alorrean duen erantzukizunean oinarrituta, jarduera-ildo hauekiko konpromisoaren bidez: tokiko hornitzaileei laguntzea eta elikadura osasungarria sustatzea; inguruko elkarteekin lankidetzan aritzea; kalitatezko enplegua eta profesionalen trebakuntza sustatzea; eta ingurunearekiko kudeaketa arduratsua egitea energia aurrezteko, birziklatzeko eta energia berriztagarriak eta garbiak erabiltzeko neurrien bidez.
Gizarte-ekimenei dagokienez, jarduera bizia egiten du inguruko bizilagun-talde eta -elkarteekin, kirola eta kultura sustatzeko eta behartsuenei laguntzeko.
BM Supermercadosek Elikagaien Bankuari egunero egindako dohaintzen bidez, Gipuzkoako lehen elikagai-emailea bihurtu da; 284 tona eman ziren 2019an, eta FESBALek (Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak) emandako “Galburu autonomikoa” saria jaso zuen urte horretan.