Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Olagarroa: gure dietan sartzeko jaki bikaina

Txokoak eta txipiroiak ez bezala, zortzi beso dituen zefalopodoa da olagarroa, eta ez du barneko lumarik edo kontxarik. Mediterraneoko, Atlantikoko eta Pazifikoko eremu harkaiztsuetan egoten da, herrestan mugitzen da, eta moluskuak, krustazeoak eta arrainak jaten ditu.

Kolore aldakorra da, bere bizilekuko itsas hondoarekin kamuflatzen baita, bere harrapariengandik babesteko. Tinta-poltsa bat ere badu, defendatzeko jaurtitzen duena. Tamainari dagokionez ere, askotariko olagarroak daude, baina metro bateko luzera eta kilo bateko pisua izatera irits daiteke.

Espainian, oso produktu preziatua da; olagarroa galiziar erara da prestatzeko modurik ohikoena: Olagarro egosia, patata egosien –katxeloak– gainean, eta oliba-olioz, gatzez eta piperrautsez ondua. Hala ere, entsalada edo olagarro salpikoi bat ere presta daiteke.

Gaur egun urte osoan aurki daiteke azoketan eta, dituen nutrizio-ezaugarriei esker, gure dietan sartzeko jaki bikaina da.

Olagarroaren nutrizio-ezaugarriak  

Proteina kopuru handia eta koipe kopuru txikia: nutrizio-balio handiko jakia da, kaloria kopuru txikia baitu. Beste zefalopodo batzuekin alderatuta, kolesterol kopuru oso txikia du; hori dela eta, ideala da kolesterol-maila altua duten eta pisua galtzeko planen bati jarraitzen dioten pertsonentzako, proteinek asebetetasuna ematen baitute.

Gantz-azido asegabeak: Olagarroak koipe kopuru txikia duen arren, koiperik gehiena asegabea da; frogatuta dago koipe mota hori onuragarria dela osasun kardiobaskularrerako eta funtzio kognitiborako, bai eta minbizi mota batzuen aurka babesten gaituztela eta hesteetako mikrobiota osasungarri mantentzen laguntzen digutela ere.

Mineral-iturria: selenio, iodo, fosforo, kaltzio eta zink kopuru handiak ditu. Selenioa gaitasun antioxidatzaile bikaina duen oligoelementua da, eta olagarro-anoa batek egunean behar dugun selenio kopuru ia osoa ematen digu. Iodoa ezinbestekoa da metabolismoaren erantzule den tiroide glandulak behar bezala funtziona dezan. Kaltzioak eta fosforoak osteoporosia prebenitzen dute eta, gainera, hotzak osasuntsu mantentzen laguntzen digute. Zinkak, azkenik, immunologia-sistemak ondo funtziona dezan laguntzen du.

Bitamina ugari: Olagarroak B taldeko bitaminak ditu batez ere, B3, B6 eta B12 bitaminak, hain zuzen ere, baita E bitamina ere. B taldeko bitaminek energia sortzen parte hartzen dute oro har, baina B3 bitaminak, gainera, hormonak sortzen prozesuetan eta larruazala osasungarri izaten laguntzen du. B6 bitaminak burmuinaren garapenean laguntzen du, baina immunologia-sistemaren mantenuan ere; eta zianokobalaminak edo B12 bitaminak funtsezko eginkizuna du globulu gorrien sorkuntzan. E bitamina antioxidatzaile bikaina ere bada.

Dietan sartzeko jaki bikaina da olagarroa. Kontuan izan beharreko eragozpen bakarra da, arrainek ez bezala, gatz (sodio) kopuru handia dutela zefalopodoek, olagarroak, txokoak edo txipiroiak, esaterako. Beraz, hipertentsioa duten pertsonek mugatu egin beharko lukete olagarroaren kontsumoa, eta noizean behin bakarrik jan. 

  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista