
Haurrak
Naturak haurrentzako dituen onurak
Hiri-inguruneetan bizitzearen ondorioz, familia askok naturarekiko harremana galdu du pixkanaka. Horrela, haur askok ez du ia batere harremanik animaliekin, natura-paisaiekin eta trafikorik eta eraikin handirik gabeko espazioekin, eta eskolan edo Interneten bakarrik jasotzen dute horiei buruz ikas dezaketenaren berri.
Hain zuzen ere, adituek izena jarri diete naturarekin gero eta harreman txikiagoa duen haurtzaro eta nerabezaroaren ondoriozko arazoei: natura-defizitagatiko nahasmendua. Kontzentrazio-falta, antsietatea, estresa eta suminkortasuna dira sintomarik ohikoenak.
Azterlan askok dio zuzeneko konexioa dagoela naturaren eta osasunaren artean (% 20tik gorako eraginarekin, ingurumen-alderdiak soilik kontuan hartuta). Haurrentzako, gainera, jolas-parke bikaina izan daiteke, balioak ikasi eta beraien gaitasun fisiko eta kognitiboak entrenatzen dituzten bitartean dibertitzeko. Hauexek dira naturak haurrengan dituen onuretako batzuk:
- Osasuna hobetzen du: Aire zabalean, natura-paisaiez inguratuta jolasteak sasoi fisikoa eta mugimendu-trebetasunak hobetzen ditu. Mesedegarria da emozio positiboetarako, norbere buruaren gaineko kontrola eta erlaxazioa lantzeko eta estresa eta antsietatea murrizteko ere.
- Segurtasuna eta autonomia ematen du: Naturarekin harremanetan dauden haurrak independenteagoak dira. Landa-inguruneetan askatasun handiagoa dago eta, oro har, hiri-inguruneak baino seguruagoak izaten dira, eta horrek esploratzeko grina estimulatzen du.
- Ikaskuntzarako mesedegarria: Naturak eragina du adimen-garapenean eta ikaskuntza kognitiboan. Gainera, sormena garatzen du eta zentzumenak eta sentimenduak estimulatzen ditu (jakien jatorria deskubritzea, behi bat nola jezten den edo baratzetik barazkiak hartu eta prestatzea).
- Balioak: Naturarekiko kontaktua izateak izaki bizidunekiko enpatia izaten eta ingurumena errespetatzen laguntzen du.