
Elikadura osasungarria
Mozzarella eta Burrata: bi gazta fresko italiar estimatuenen arteko aldeak eta ezaugarriak
Zuriak, lisoak kanpotik eta xamurrak barrutik; horrelakoxeak dira mozzarella eta burrata, italiar gastronomiako bi bitxi, gurean gero eta gehiago kontsumitzen direnak. Produktu ezberdinak diren arren, oso zaila da begiratu batera bereiztea: labanarekin mozten ditugunean nabaritzen da bien arteko aldea.
Bi gazta horien jatorriari dagokionez, Campania eskualdean du jatorria mozzarellak, Italiako hego-mendebaldean; burrata, berriz, herrialdeko hego-ekialdean dagoen Puglia eskualdekoa da.
Mozarrella eta burrata, biak ala biak dira behi-esnez egindako gazta freskoak, nahiz eta bufalo-esnez ere egin daitezkeen. Pasta irunduz fabrikatzen dira biak; pasta hori gaztanbera tenperatura altuetara jarrita lortzen da eta, ondoren, zabaldu eta nahi den forma ematen zaio.
Mozzarella erabat dago pasta horrekin osatuta; burratak, aldiz, kanpoko aldean bakarrik du pasta irundua, gaineko geruza ez oso solidoa osatuz, azal modura, barruan horren ezaguna den betegarria duelarik: pasta irunduz eta esnegainez osatutako nahasketa da, eta stracciatella deritzo.
Zaporeari dagokionez, biak dira zapore suabekoak, baina burrata bereziki krematsua da, eta horrek ukitu are arinagoa ematen dio.
Mozzarellaren eta burrataren arteko aldeak, nutrizioari dagokionez
Konposizio antzerakoa dute. Bien arteko alde nagusia da mozzarellak koipe kopuru txikiagoa duela, ez duelako esnegainik.
- Proteina kopuru handia: Biek dute behi-esneak baino sei aldiz proteina kopuru handiagoa. Beraz, gure dietan sartzeko alternatiba ona da, arrautzekin, arrainarekin, haragiekin edo lekaleekin batera.
- Beste gazta batzuk baino koipe gutxiago: Gazta freskoak direnez, ontze-prozesua igaro duten gaztek baino ur-kontzentrazio handiagoa dute. Horrela, bada, mozzarellak gazta ondu baten koipe kopuru erdia du, gutxi gorabehera.
- Mineral kopuru handia: Kaltzioa, fosforoa, selenioa eta zinka dira kopuru handienean ageri direnak. Hezurren osasunerako lagungarriak dira, eta B12 bitaminaren absortzioa hobetzen dute, besteak beste.
- Bitamina-kontzentrazio handia: B12, B2 eta A bitaminak. B12 bitamina edo zianokobalamina beharrezkoa da hazkuntzarako, eta odolean oxigenoa garraiatzeko ezinbestekoak diren globulu gorrien sintesian ere laguntzen du. B2 bitaminak edo riboflabinak umekiaren garapenean esku hartzen du, bai eta energia eskuratzeko prozesuetan ere. A bitaminak edo erretinolak mukosak, larruazala eta ikusmena baldintza egokietan mantentzen laguntzen du.
- Aukera ugari sukaldean: Gazta hauek duten zapore suabeari eta delikatuari esker, osagai perfektuak dira pasta, pizza eta entsalada errezetetarako.
Uda gainean dugun honetan, Caprese entsalada da plater erraz eta elikagarri bat azkar prestatzeko ideia bat; tomate bat eta mozzarella xaflatan moztu, gatzez, oliba-olio birjina estraz eta albakaz ondu, eta listo. On egin!
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |