Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura osasungarria

Mostaza: gure osasunerako saltsa onuragarria

Saltsez hitz egiten dugunean, askotan kaloriak, janari azkarra, jaki ez oso osasungarria eta antzerako ideiak etortzen zaizkigu burura. Saltsen artean, baina, hamaika aukera dago, eta horietako batzuek gure osasunerako onura asko dute, mostazaren kasuan gertatzen den bezala.

Mostaza (edo ziapea) deitzen zaie arro mediterraneoan hazten den landareei zein haziei, bai eta haziekin prestatzen den saltsari ere. Antzinatik prestatzen den saltsa da; greziarrek eta erromatarrek dagoeneko erabiltzen zuten haien plateretan (baita botika gisa ere, digestiorako oso ona baita).

XIII. mendean, kopuru handitan ekoizten hasi ziren, eta Dijon izan zen ekoizle nagusietako bat. Baita gaur egun ere; Frantziako eskualde horretan ekoizten da munduko mostazaren erdia inguru.

Merkatuan aurkitzen ditugun saltsak mostaza-haziekin edo ziapearekin prestatuta daude; hazi horiek erabat ehota egon daitezke edo ez, eta beste osagai batzuekin nahasten dira. Mostaza tradizionala (haziak osorik ikusten dira) azidoena da, ozpin-proportzio handia baitu; Dijoneko mostaza, berriz, minena da.

Kopuru txikitan kontsumitzen da beti, eta nabarmentzekoak dira dituen nutrizio-ezaugarri onuragarriak. Honako hauek, besteak beste:

  • Kaloria kopuru txikia: Energia kopuru oso txikia ematen digu; horregatik, argaltzeko dietetan erabil daiteke, platerak erakargarriagoak izan daitezen. Horrela, bada, mostazarekin eta oliba-olio birjina estrarekin prestatutako ozpin-olioak entsaladetarako aukera egokia izan daitezke, dietak horren monotonoak izan ez daitezen.
  • Gantz-azido monoasegabeak: % 60 inguru dira gantz-azido monoasegabeak (bihotza babesteko botere handikoak). Horrez gain, omega 3 eta omega 6 gantz-azidoak ere baditu mostazak, triglizeridoen mailak erregulatzeko egokiak.
  • Mantenugaien iturri: Selenioa, C bitamina eta B12 bitamina ditu; horrenbestez, zelulen garapenean eta neuronen funtzionamendu egokirako aproposak dira.
  • Antioxidatzaile kopuru handia: Selenioa eta C bitamina izateaz gain (horiek ere antioxidatzaileak dira), mostaza-haziek karotenoide eta glukosinolato kopuru handia ere badute. Erradikal libreei aurre egiteko gorputzaren defentsak indartzen dituzte, hainbat gaixotasunen aurrean babesteko, hala nola minbizia, diabetesa eta beste gaixotasun neurodegeneratibo batzuk (Parkinsona eta Alzheimerra, esaterako).
  Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista