
Elikadura osasungarria
Lanera eramateko janaria
Zure egunerokotasunean elikagaien segurtasuna bermatzeko eta, era horretan, gauero, hurrengo egunean bulegora eraman behar dugun bazkaria errazago prestatzeko, zenbait aholku eman nahi dizugu.
Badakigu errazena makinan sandwich bat hartzea dela, baina gure osasunaz zaindu behar dugu eta era horretako janariak noizbehinka bakarrik jaten saiatu behar gara. Osasungarriagoa eta nutritiboagoa da bulegoan etxeko janaria jatea eta, zer esanik ez, baita askoz merkeagoa ere. Asteburuetako menuak prestatzen ditugun bezala, lanera eramaten ditugun janarietan ere ordena bati eutsi behar diogu.
Aukeratzen dugun janariak bete egin behar gaitu, baina ez da astunegia izan behar, bazkalostean lanera itzuli behar baitugu. Gainera, jateko errazak izan behar dira; askoz zailagoa baita gure aho-sabaian tipula edo baratxuri zapore biziarekin igarotzea gainerako laneguna.
Onena ahalik eta dieta anitzena izatea da, elikagai mota guztiak izango dituena, eta barazkiak eta frutak sarri jatea.
Ze janari eramango dut lanera?
Pasta, arroza eta lekaleak
Oso aukera gomendagarria da, izan ere, proteinekin edo barazkiekin batera jan daitezkeen elikagaiak dira. Prestatzen ditugunean, al dente egon behar dira, bulegoan berriro berotzen ditugunean puntu egokian egon daitezen. Adibidez: fideo entsalada bat edo arroz eta izokin errezeta.
Barazkiak
Barazkia ere oso aukera gozoa da bazkaritarako, entsaladan zein prestatuta. Oso garrantzitsua da entsaladak kontsumitzerako unean ontzea, bestela, barazkiak deshidratatu egiten dira kontsumitu aurretik.
Proteinak
Egokiena haragiak edo arrainak saltsan prestatuta eramatea da, berotzen ditugunean lehortu ez daitezen. Ez da gomendagarria plantxan edo arrautza-irinetan pasatutako janaria eramatea, berriro berotzen dugunean, zaporea galtzen baitute. Oilasko errezeta bat proposatzen dizugu, hotza zein beroa jan ahal izango duzuna. Ezin hobea etxetik kanpo jateko!
Azkenburukoa
Esnekiak edo fruta dira prestatzeko eta lanean jateko errazenak.
Zela eramango dut tupper-eko janaria?
Gure tupper-a garrantzitsua da, gure janaria bertan eramaten baitugu. Saihets itzazu ezustekoak – tupper-a nahi gabe irekitzea, esaterako – kalitatezko ontziak erosita eta aldizka ondo dauden aztertuta. Laberako edo mikro-uhin laberako balio duen tupper-a izan behar da eta hermetikoki ixten dena. Prestatu berri duzun janaria gordetzerakoan, ez ezazu berehala itxi tupper-a: itxaron janaria hoztu arte. Hala egin ezean, hezetasuna eta bakteriak sor daitezke eta horiek gure janaria kutsa dezakete.
Eta, amaitzeko, beste aholku bat: Kontuz janari goxoren bat prestatzen duzunean... denek nahiko baitute! On egin!