
Elikadura osasungarria
Kuia: udazkeneko izarra
Udazkenaren etorrerarekin eta Halloween jaiarekin, protagonismoa hartzen dute kuiek etxeetako sukaldeetan, era guztietako errezetetan zein apaingarri modura. Urte guztian zehar kontsumi daitekeen fruitua den arren –era askotakoak baitaude, udakoak zein negukoak–, badirudi urtero birsortzen dela errautsetatik urrian sartzen garenean.
Halloween jaiagatik duen balio estetiko hutsetik haratago, gutxik baloratzen du fruitu hau benetan merezi duen bezala. Zuntz, potasio, C bitamina, tiamina eta b-karoteno kopuru handia du kuiak, eta jende gutxik daki zenbat propietate dituen elikagai honek, gripeen eta hotzerien aurrean gure gorputza kalteberago bihurtzen den trantsizio-garai honetan osasun ona eduki ahal izateko onuragarriak direnak. Hauexek dira dituen propietate ugarietako batzuk:
- Hanturazko gaixotasun ugari prebenitzen du.
- Gehiegizko mukiak desegiten ditu.
- Digestio-aparatua babesten du.
- Kuiak dituen likopenoek hainbat minbizi mota prebenitzen dute.
- Azukrearen desorekak prebenitzen ditu.
- Hesteetako parasitoak desegiten laguntzen du.
- Eguzkitan luzaro egoten garenean, babestu egiten gaitu.
- Nerbio-sistemako arazoak arintzen eta prebenitzen ditu.
- Metabolismoko gaixotasunak prebenitzen ditu.
Horrekin guztiarekin, eta osasunerako onura ugari izateaz gain, kozinatzeko eskaintzen duen moldakortasunagatik ere nabarmentzen da kuia. Kozinatzeko oso erraza izateaz gain –erretzeko batez ere–, duen ukitu gozoari esker, bikaina da errezeta gaziak –hala nola pureak, zopak edo pasta– zein errezeta gozoak –bizkotxoak eta marmeladak, esaterako– prestatzeko. Horrela, bada, gozozalea zein gazizalea baldin bazara, beti izango dituzu kuia kontsumitzeko aukera goxoak, eta horiek udazken honetan zure dietan txertatzea gomendatzen dizugu, baina baita gainerako urtaroetan ere.
Zu ere kuiaren zalea al zara?