Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Sasoiko produktua

Kakia: aprobetxatu beharreko udazkeneko fruta gozoa

Udazkeneko frutez hitz egiten dugunean, zitrikoak (laranjak, mandarinak, pomeloak edo limoiak), sagarrak, madariak, kiwiak, mahatsa… etorri ohi zaizkigu burura. Azken batean, horiexek dira sasoi honetako frutarik tipikoenak edo ezagunenak. Baina horiek baino askoz gehiago daude, eta beharbada ez diegu etekinik ateratzen, oharkabean pasatzen direlako edo ez zarelako horiek probatzera animatzen. Alda dezagun hori…

Aipatu ditugunez gain, fruta goxoak, osasungarriak eta aukera asko eskaintzen dizkigutenak aurki ditzakegu udazkenean. Kakia da horietako bat, gazteleraz permison (oraindik erabat heldu ez denean) edo palosanto (garai honetan ospatzen delako Santu Guztien eguna) izenez ere ezagutzen dena; jatorriz Txina eta Japoniako fruta tropikala da, eta zur eta lur utziko zaitu.

Kakia, ‘tomate’ gozo eta osasungarri hori

Ez zaitzala nahastu duen itxurak, tomatearen antz handia duen arren –laranja edo gorrixka kolorea, goiko aldean hosto txiki batzuekin– testura gelatinakara eta zapore oso gozoa du, beraz, aukera bikaina da azken-buruan edo ahamen modura jateko.

Aminoazido eta A eta C bitamina ugari du kakiak; horregatik, paregabea da elementu horien defizita duten pertsonentzako. Energia handia ere ematen digute (130 kcal. 100 gramo bakoitzeko), beraz, onak dira gosarian edo kirola egin ondoren energia berreskuratzeko.

Era berean, glukosa eta sakarosa proportzio egokia dute, baita gatz kopuru txikia eta potasio kopuru handia ere (161 bat mg.). Gainera, zuntz kopuru handia dute (EGKren % 20 inguru) –heste-igarotzea hobetzen duena–, baita antioxidatzaile ugari ere (likopenoa, luteina, etab.), zelulen oxidazioa murrizten dutenak.

Zer egin dezaket kaki batekin?

Eskuarki, naturalean kontsumitzen da kakia. Hori bai, oso helduta jan behar da: ‘umeldu’ itxura duenean, eta azala erdi-gardena duenean, une horixe da egokiena. Oraindik berde baldin badago, zapore latza edo lehorra uzten du ahoan, duen tanino kopuruagatik.

Behin heltzen denean, kakia erditik ireki eta zuzenean jan daiteke koilara batekin. Zuritu eta entsalada batean ere erabil dezakezu, sasoiko beste fruta batzuekin batera, hala nola granada, baita xaflatan moztu ere, kaki- eta urdaiazpiko-carpaccio goxo bat prestatzeko.

Lehortuta ere jan daiteke kakia (Hoshigaki deitzen zaio Japonian, eta benetako tradizioa da). Halaber, beste plater asko presta daiteke: pastelak, flanak, kremak, marmeladak, irabiakiak, gailetak, ogiak…

Nola aukeratu eta gorde kakiak

Laster kontsumitu behar badituzu, aukera itzazu helduak: azala zapaltzerakoan, konkatu egiten da pixka bat. Bestela, aukera itzazu berdexeagoak: azal irmoagoa dutenak. Heltze-prozesua azkartu nahi baduzu, sar itzazu paperezko poltsa batean, edo gorde itzazu etilenoa askatzen duten fruten ondoan (sagarrak, madariak eta bananak kasu).

Giro-tenperaturan gorde daitezke kaki berdeak. Behin helduta daudenean, hobe da hozkailuan kontserbatzea. Gainera, ondo jasaten dute izoztea–osorik edo purean–, baina limoi tanta batzuk botatzea komeni da, ez daitezen ilundu.

Kalitaterik oneneko kakiak aurkituko dituzu BM Supermerkatuetan, heltze-unerik onenean, plater goxo eta osasungarriak presta ditzazun.