
Elikadura osasungarria
Jengibrea: zer da eta zergatik probatu beharko zenuke?
Zingiberazeoen familiako landarea da jengibrea. Lurpeko zurtoina da kontsumitzen den jengibre-atala, duen lurrinagatik eta zapore minagatik oso preziatua den errizoma horizontala. Modu askotara kontsumi daiteke: freskoan, lehortuta, birrinduta, ehotuta… eta plater gozo zein gazietan erabil daiteke ongarri modura.
Asiako hego-ekialdean du jatorria; orain dela 2.000 urte baino gehiago dagoeneko erabiltzen zuten han, medikuntza tradizionalerako osagai modura eta, pixkanaka, gastronomian lekua hartzen joan zen, eta handik hedatu da mundu osora.
Gaur egun, Txina eta India dira jengibre-ekoizle nagusiak; maila txikiagoan, Asiako hego-ekialdeko beste herrialde batzuk daude, hala nola Sri Lanka eta Thailandia.
Batez ere osagai fenolikoei esker ditu ezaugarri onuragarriak, hala nola gingerola, azido linoleikoa (omega 6), B taldeko bitaminak, C bitamina eta mineralak ( fosforoa, potasioa, kaltzioa eta magnesioa). Hala ere, ez du bitamina- eta mineral-ekarpen handirik egiten, errazio bakoitzeko kontsumitzen den jengibre-kopurua gramo gutxi batzuetakoa izaten baita.
Jengibrea urdailerako eta kolesterola murrizteko
- Hesteetako mikrobiota mantentzen laguntzen du jengibreak, baina listua eta bilisa sortzen ere; horregatik, digestioak errazten ditu.
- Zorabioak eta goragaleak murrizten ditu, beraz, sintoma horiek arindu ditzake haurdunaldian edo, paziente onkologikoen kasuan, kimioterapia-saioen ondoren.
- Hanturaren aurkakoa da. Dituen gingerolei esker, giharretako minen, hilekoak eragindako minen edo, are, min artritikoen aurkako erremedio naturala da.
- Antioxidatzaile ugari du eta, beraz, zirkulazio-sistemako gaixotasunak, minbizia eta neuroendekapenezko gaixotasunak prebenitzen ditu, Alzheimerra kasu.
- Hainbat azterlanek iradokitzen du jengibreak LDL maila (kolesterol txarra), kolesterol osoa eta triglizeridoak murrizten laguntzen duela.
- Berriki egin duten azterlan batzuek aipatzen dute jengibreak odoleko glukosa kopurua murrizteko gaitasuna duela, baita gaixotasun kardiobaskularrak izateko arrisku-faktoreak murriztekoa ere.
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |