
Haurtxoak
Jarraipen-esnea: lehenengo urtetik eta gero ere ondo jatea
“Nire haurrak ez du jaten”. Horixe da pediatrek kontsultetan gehien entzuten dituzten esaldietako bat. Ohikoa da gurasoek, lehenengo egunetik, haien seme-alabek behar adina esne hartzen ote duten pentsa dezaten, edo txikien garapenerako mantenugai-maila egokia ote den.
Izan ere, gure haurtxoen elikadurari dagokionez, onena bilatzen dugu: Kalitatezko produktuak, naturalak eta unean unean behar duten bitamina kopuruarekin.
Lehenengo sei hilabeteetan gutxienez, ama-esnea da elikagairik onena, zalantzarik gabe, haurtxoa garatu eta hazi dadin beharrezkoak diren mantenugaiak baititu. Gainera, eta beste onura batzuen artean, lotura emozionala indartzen du.
Denbora hori igaro ondoren, haurtxoak digestio-aparatua garatuta izango du, eta dieta jaki solidoekin osatzeko prest egongo da. Era berean, haurtxoaren elikadura haurrentzako jarraipen-esnea erabilita osatu dezakegu; esne horrekin, bitamina eta mineral gehiago jasoko du haurtxoak, 6 hilabete duenetik 12 hilabete duenera arte.
Zer du jarraipen-esneak?
Zure haurtxoari jarraipen-esnea emateko asmoa baldin baduzu, garrantzitsua da haren elikaduran egin behar duzun edozein aldaketaren inguruan pediatrari kontsultatzea. Jarraipen-esneak berariazko mantenugai batzuk ditu. Besteak beste:
- Mineralak: hala nola kaltzioa, burdina eta zinka, sei hilabeteko haurren dietan oso garrantzitsuak direnak.
- C eta D bitaminak: burdina (C bitaminak) eta kaltzioa (D bitaminak) ondo absorbatzen laguntzen dute.
- Zuntza: Zuntza izan dezan komeni da, gorozkiak erregulatzeko.
- Gantz-azido esentzialak: Omega 3 gantz-azidoak, EPA (azido eikosapentaenoikoa) eta DHA (azido dokosahexaenoikoa) kasu, funtsezkoak dira garapen kognitiborako eta ikusmenaren garapenerako. Jarraipen-esnea DHAz aberastuta egon ohi da; arrain urdinak eta arrautza-gorringoak ere DHA kopuru handiak dituzte. Baita ama-esneak ere, jakina. Elikadura Segurtasunerako Europako Agentziak (EFSA) egunean 250 bat gramo EPA+DHA gomendatzen du 2 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteentzako.
Nola hasi haurtxoari jarraipen-esnea ematen?
- Aukera ezazu une egoki bat: eskain iezaiozu biberoia lasai eta alai dagoenean.
- Ez izan presarik: haurtxo bakoitzak bere erritmoa du eta, ziur aski, esne gutxi hartuko du hasieran.
- Behatu haren erreakzioa: zain ezazu arretaz haren digestioak onak diren.
- Kontsultatu pediatrarekin: idorreria edo esnea digeritzeko zailtasuna duela nabaritzen baduzu.
Era horretako esnea dieta anitz baten barruan erabili behar da, hau da, txikien garapenean laguntzen duten eta ondo elikatuta daudela ziurtatzen duten beste jaki batzuekin konbinatuta.