
Elikadura osasungarria
Irin-mota osasungarriak: txitxirio-irina
Irina, definizioz, zerealak, haziak, tuberkuluak edo lekaleak ehota eskuratzen den hautsa da. Irin bakoitzak bere ezaugarriak izango ditu, jatorrizko osagaiaren arabera, testurari, trinkotasunari, aromari, zaporeari zein nutrizio-osaerari dagokionez.
Txitxirio-irina mendeetan zehar erabili izan da Indiako sukaldaritzan, eta gaur egun aukera aproposa da glutenarekiko intolerantzia edo alergia dutenentzako.
Nabarmentzekoa da, gainera, txitxirioen proteinak bederatzi aminoazido esentzialetako zortzi dituela; metionina da falta zaion bakarra, sojak, fruitu lehorrek edo arrozak dutena.
Beraz, egunero elikagai horiek konbinatuta, balio biologiko handiko proteina eskuratzen da, animalia-jatorrikoa bezalakoa, oso interesgarria dieta begetariano edo beganoetan. Urarekin nahastuz gero, gainera, arrautzaren antzerako testura lortzen da, beraz, hainbat jaki prestatzeko erabil daiteke.
Txitxirio-irinak dituen nutrizio-ezaugarrien artean, honako hauek nabarmen litezke:
- Proteina kopuru handia: gari-irin integralak zein finduak baino proteina gehiago du. Garrantzitsuak dira muskuluen garapenerako, eta gorputzak kaloria gehiago erretzeko beharra du elikagai proteikoak digeritzeko.
- Zuntz-iturri aberatsa:Txitxirio-irin katilu batek 10 gramo ditu, gari-irinak duen zuntz-kopuruaren hirukoitza. ‘Erresistentea’ da, gainera; hau da, alteraziorik gabe iristen da heste-lodiraino, mikrobiotarako (prebiotiko) substratu gisa balio duelarik. Egunero zuntz-kopuru egokia kontsumituz gero (25 gramo emakumeek, eta 35 gramo gizonek), hainbat gaixotasun izateko arrisku txikiagoa dago, adibidez, 2 erako diabetesa, bihotzeko gaixotasunak, baita koloneko minbizia ere.
- Karbohidrato kopuru txikia: Gari-irinak duen karbohidrato kopuru erdia inguru du, beraz, txikiagoa da gluzemia-indizea (elikagai batek odoleko azukre-maila handitzen duen abiadura) eta egonkor mantentzen dira glukosa-mailak.
- Antioxidatzaile kopuru handia:Polifenol ugari du, erradikal askeak neutralizatzeko gai diren substantzia antioxidatzaileak; erradikal libreen pilaketak zelulak kaltetu ditzake.
- B9 bitamina: Txitxirio-irin katilu batek (100 g) eguneko gomendatzen den B9 bitamina edo azido foliko kopuru osoa du; bitamina horrek zelula berriak sortzeko eta haiek mantentzeko prozesuetan parte hartzen du.
- Aukera ugari ematen du: Ia edozein plater prestatzeko erabil daiteke: arrautza-irinetan egitekoak, ogiak eta bizkotxoak, pizza-masa, krepeak, tortilla beganoak, etab. Zapore fina du, eta ezaugarri onuragarri ugari. Ausartzen al zara probatzera?
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |