Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Elikadura

Iraileko sasoiko produktuak

Ez da eskolarako itzulera soilik, askorentzako lanerako itzulera ere bada. Iraila aldaketa garaia da, zalantzarik gabe, udaren amaiera eta udazkenaren etorrera iragartzen digun hilabetea. Eta horrexegatik, hain zuzen ere, sasoiko produktu fresko asko eskaintzen digun hilabetea da. Oraindik uda-sasoiko elikagaiak aurkitzen ditugu, baina laster desagertuko dira; aldi berean, baina, udazkenari aurre hartzen dioten produktuak ere ikusiko ditugu.

Elikagai batzuei agur

  • Hezurdun frutak: Oraindik udako hezurdun fruta batzuk aurki ditzakegu, hala nola, nektarinak, mertxikak edo paraguaioak. Oso fruta aromatikoak dira horiek guztiak; beraz, goza ezazu haietaz hilabete honetan, ez baititugu berriro ikusiko hurrengo urtera arte.
  • Meloia: Angurriarekin batera, udako fruten artean nagusia da, bere osaeraren % 90 ura baita. Fruta freskagarrienetako bat da, eta oraindik garaiz zaude meloiarekin freskatzeko.
  • Pikuak: Pikuak ere gure artean ditugu urtaro aldaketako garai honetan. Ekainetik ari gara pikuak dastatzen, baina oraindik ere, irailean, kontsumi ditzakegu, pikuak eurak bakarrik edo sukaldean erabiltzeko osagai gisa, plater gozoak edo gaziak prestatzeko.

Datozkigun elikagaiak

  • Mahatsa: Iraileko produktuen artean nagusia da. Orain hasten gara mahatsa kontsumitzen, eta abendura arte jan dezakegu. Urez eta zuntzez osatuta daude % 80an, eta burdin eta potasio asko dute.
  • Kiwia: Udazkeneko eta udaberriko fruta da, eta irailean dagoeneko kontsumi dezakegu. Laranja batek baino bi aldiz C bitamina gehiago dauka; horri esker, hozturak saihesteko aliaturik onena da. Nabarmentzekoa da daukan zuntz kopuru handia ere.
  • Madaria: Madari barietate ugari dago, bakoitza dagokion urte-sasoian; orain konferentzia madariaren sasoia da, udazkeneko eta neguko hilabeteetan. Energia-ekarpen gutxikoa da, eta diuretikoa eta astringentea izateagatik nabarmentzen da.
  • Sagarra: Sagarra da urte-sasoi honetako ohiko beste fruta bat. Oraintxe hasten da barietate guztien kanpaina, baina bat nabarmendu behar izanez gero, Elstar barietatea nabarmenduko genuke. Ukitu garratza eta, aldi berean, gozoa daukan sagarra da; horrela, zapore berezia dauka.
  • Ziazerbak (espinakak): Nahiz eta ia urte osoan aurkitzen ditugun merkatuan, ziazerben sasoi naturala udazkena da; beraz, irailean dagoeneko presta ditzakegu gure etxeetan.

Etorriko zaizkigun elikagaiak

Hilabete amaieran hasiko zaizkigu iristen sasoiko produktu berriak, gainean daukagun urtaro berrikoak, udazkenekoak, alegia. Ordutik aurrera mandarinak jateko aukera izango dugu, gaztainak erretzekoa eta kuiarekin hainbat errezeta prestatzekoa. Eta ez ditzagun ahaztu perretxikoak; gure basoek laster eskainiko digute sasoiko perretxiko eta onddo aukera zabala. Eta arrainei dagokienez, barbarina, urraburua eta lupia dira urte-sasoi honetan nagusitzen diren itsasoko produktuetako batzuk. Ez al zaizue ahoa ur egiten?