
Hiru kanape goxo, dotore eta merke!
Gabonetako menua antolatzen dugunean, plater nagusiei erreparatzen diegu batez ere, eta pixka bat bazter uzten ditugu mokadutxoak. Erraza da “ireki eta zerbitzatu” egin ohi diren klasikoetara jotzea –hestebeteak, gaztak edo fruitu lehorrak, esaterako–, baina, askotan kontrakoa uste arren, oso erraza eta merkea izan daiteke aperitiboz eta kanapez atondutako mahai bat prestatzea. Hiru ideia erraz eta merke dakarkizuegu, Gabonetako otorduetan guztiak harri eta zur uzteko:
1. Urdaiazpiko serrano eta piku-marmeladazko minipizzak:
Osagaiak:
Pizza-masa
Tipula txiki bat
5 ml. oliba-olio birjina estra
100 gramo piku-marmelada
150 gramo urdaiazpiko serrano
100 gramo ricotta-gazta edo krema
Ezkai freskoa
Piperbeltz beltza, ehotuta
Nola prestatu:
Zartagin batean, olioa jarriko dugu, eta tipula txikituta, piperbeltza eta gatza botako ditugu, eta 15 minutuz utziko dugu egosten, tipula biguntzen den arte.
Pizza-masarekin, 8 zentimetro inguruko diskoak egingo ditugu, eta piku-marmelada zabalduko dugu pizzaren oinarrian, gainean tipula-geruza bat eta, azkenik, urdaiazpiko serrano eta gazta zatitxoak.
Labea 200 gradutara berotu ondoren, 20 bat minutuz edo masa egosita dagoela ikusten dugun arte labekatuko dugu. Ezkai freskoz apainduko dugu.
2. Parmako gazta pannacotta, tomate-marmeladarekin:
Osagaiak:
100 gramo tomate-marmelada
125 ml esne
Harrotzeko esnegaina, 125 ml
70 gramo gazta parmesano, birrinduta
Gramo bat agar-agar edo jaki baliokidea, jelatina-hauts neutro forman
Piperbeltz beltza, ehotuta
Gatza
Nola prestatu:
Edalontzitxoen hondoan zabalduko dugu marmelada. Kazotxo batean, esnegaina, esnea, gazta eta agar-agarra edo jelatina jarriko dugu. Irakiteraino berotuko dugu guztia, mantso eragingo diogu hagaxkatxoekin, burbuilarik sortu gabe, eta bi minutuz egosiko dugu.
Piperbeltz ehotua gaineratuko diogu, nahierara, baita gatz pixka bat ere.
Nahasketa iragazki batekin botako dugu, edalontzitxoetan banatuz, eta gutxienez hiru orduz utziko dugu mamitzen.
Hotz-hotza zerbitzatuko dugu.
3. Arrautza bete klasikoak:
Osagaiak:
L tamainako sei arrautza
200 gramo kontserbako hegaluze, oliba-oliotan
Latako pipermorro bat
Gatza
Maionesa
Nola prestatu:
Arrautzak egosi, eta zuritu egingo ditugu. Erditik zatitu eta gorringo guztiak aterako dizkiegu (zuringoa apurtu gabe), eta kaiku batean utziko ditugu, horietako bat gerorako gordez.
Hegaluzea xukatu eta katilura botako dugu, bai eta piperra (zatituta), hiru koilarakada maionesa eta gatz pixka bat ere.
Sardexka batekin nahastuko dugu dena, zanpatuz, osagaiak pixka bat desegiteko.
Nahasketa horrekin beteko dugu zuringo erdi bakoitza, eta maionesa, piper-tira batzuk eta gorringo birrindua jarriko dizkiegu gainean. Hozkailuan gordeko ditugu, estalita.
Prest al zaudete Gabonetako aparteko otorduak prestatzeko?
- ZAILTASUNA: TXIKIA
- DENBORA: 0-30'
- OSASUNGARRIA