Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Haurrak

Haurrentzako debekatutako jakiak: fruitu lehorrak osorik

Ez zaie fruitu lehorrik osorik eman behar 5 urtez azpiko umeei. Guraso guztiek ikasten dute arau hori, seme-alaben lehenengo urteetan. Adin horretara arte, haurrek ez dute izaten erabat garatuta mastekatzeko eta irensteko gaitasuna; gainera, trakea oso txikia izaten dute. Horregatik, fruitu lehorrak kontrako eztarrira joateko arrisku handia dago.

Hain zuzen ere, fruitu lehor osoak dira haurren eztarriko trabamenduen % 65en errudunak. Kakahueteak dira arriskutsuenetakoak, ezbeharren ia erdia eragiten dutenak. Baina beste jaki batzuekin ere kontuz ibili behar da, hala nola azenarioak, olibak, mahatsa, litxarkeriak (krispetak, gozokiak, etab.) eta saltxitxak.

Hala ere, Pediatriako Espainiako Elkarteak (AEPED) dio ez ditugula gaitzetsi behar. Izan ere, osagarri egokia dira haurren elikaduran. Seguruena da jogurt, entsalada, zopa edo saltsetan ehota sartzea fruitu lehorrak. Etxeko gurina ere presta dezakegu: urarekin edo olioarekin birrinduta, ogian edo gailetetan igurzteko pasta bat egin arte.

Kontuz ibiltzea, erremediorik onena

AEPED elkarteak zenbait prebentzio-neurri eskaintzen die gurasoei, haurrekin sustorik izan ez dezaten. Elikadurari dagokionez, elikagaiak behar bezala mozteaz gain (luzetara, ez xerratan), komeni da:

  • Poliki jatea: erakuts iezaiezu jakiak, irentsi baino lehen, ondo mastekatzen.
  • Jatorduan ez jolastea: mahaian eserita jan dezaten bideratzea (ez etzanda, ezta jolasten edo korrika ere).
  • Ez iezaiezu barrerik edo negarrik eragin: irensterakoan trakearen mugimenduak eragin ditzake.
  • Zain itzazu: izan itzazu begi-bistan jaten ari diren bitartean.