Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Aholkuak

Haurrekin kozinatzea: zer egin dezaketen sukaldean, adinaren arabera

Mantala, katilu bat eta eskuak zikintzeko gogoa. Ez da besterik behar etxeko txikiek zapore berriak deskubritu ditzaten eta gai senti daitezen. Haurren Egun Unibertsala dela-eta, adin bakoitzari egokitzen zaizkion eginkizunak zein diren kontatuko dizugu.

Zergatik merezi duen beraiekin kozinatzea

Umeak sukaldera hurbiltzen direnean, errezeta bat baino askoz gehiago ikasten dute. Testurak ukitzeak, belar aromatikoak usaintzeak eta bizkotxoa labean nola hazten den ikusteak janariarekiko jakin-nahia pizten du haiengan.

Eta askoz errezelo gutxiagorekin dastatzen da norberak prestatu duena. Bide batez, autonomia garatzen duten eta, ia ohartu ere egin gabe, harreman osasungarriagoa eraikitzen dute txikitatik elikadurarekin.

2 eta 5 urte bitarteko haurrak: osagaiak  deskubritzea, garbitzea, nahastea eta esperimentatzea

Adin horretan, aurkikuntza hutsa da sukaldea. Ikaragarri gustatzen zaie jakiak manipulatzea eta parte aktibo direla sentitzea:

  • Garbitzea. Frutak eta barazkiak txorrotaren azpian garbitzea, eskuekin igurtzita.
  • Hostoak kentzea eta aletzea. Letxugaren edo ziazerben (espinaken) hostoak bereiztea, ilarrak lekatik ateratzea edo brokolia adartxotan haustea.
  • Nahastea eta irabiatzea. Zurezko koilara batekin oreak nahastea edo mugitzen ez den katilu handi batean arrautzak irabiatzea.
  • Apaintzea eta muntatzea. Etxeko pizza-orearen gainean barazki-xerrak jartzea edo entsaladan gazta eta intxaurrak sakabanatuta botatzea.

6 eta 9 urte bitartekoak: neurtzea, oratzea (amasatzea) eta errezeta errazetan parte hartzea

Haurraren eskuak zehatzagoak dira dagoeneko, eta ulertzen du errezeta bakoitzak bere ordena duela:

  • Pisatzea eta neurtzea. Baskula digitala, neurtzeko pitxarra edo koilara dosifikatzaileak erabilita, osagaien kantitateez ardura daitezke.
  • Oratzea eta forma ematea. Ogia, gailetak edo haragi-bolak egiteko: primeran pasatzen dute.
  • Mozten ikastea. Betiere jaki bigunak, bananak edo gazta freskoa, esaterako, punta biribileko aizto batekin edo haurrentzako mahai-tresnaren batekin.
  • Errezeta irakurtzea. Hasi baino lehen errepasatzea, eta osagai guztiak prest uztea.

10 urtetik gorako umeak: autonomia, erantzukizun berriekin

Trebetasun handiagoa dute, eta kontzentratuta luzaroago egoteko gai dira; beraz, eginkizun garrantzitsuagoak har ditzakete beren gain, betiere heldu bat gertu dutela:

  • Platerak prestatzen hasi eta bukatu. Errezeta hotzak, hala nola entsaladak, ozpin-olioak, ogi txigortuak eta etxeko granola bat.
  • Etxetresna elektriko txikiak. Irabiagailua erabil dezakete, esaterako, gidatuko dituen norbait alboan dutela.
  • Lehenengo urratsak suarekin. Gisatuari eragitea, pasta egostea edo labea edo aire-frijigailua erabiltzea; hori bai, beti pertsona heldu bat ondoan dutela.
  • Antolatzea. Erosketa-zerrenda egitea eta gauzak jasotzen eta garbitzen laguntzea, besteak beste.
  • Segurtasuna sukaldean: beti gainbegiratu behar diren lanak

Sukaldea gozatzeko lekua da, baina funtsezkoa da prebentzioa:

  • Etengabe gainbegiratzea: Beti egon behar da pertsona heldu bat orientatzeko eta lagun egiteko, presarik gabe eta lasaitasuna lehenetsiz.
  • Aiztoak eta azal-kentzekoak, pixkanaka-pixkanaka: hobe da tresna horiek trebezia eta kontrola berenganatzen dutenerako uztea
  • Beroa, helduen esku: Olio beroa duten zartaginak, barruan zerbait irakiten duten lapikoak eta labea zabaltzea, esaterako. Lan horiek heldu batek egin behar ditu edo, gutxienez, oso gertutik zaindu behar du horiek egiten ari den haurra.
  • Higienea: Gogoratu oso garrantzitsua dela jakiak ukitu baino lehen eskuak ondo garbitzea eta gainak libre edukitzea.

BM Supermerkatuetan kalitatezko produktu freskoak aurkituko dituzu, janaria prestatzea errazagoa, dibertigarriagoa eta oso osasungarria izan dadin.

Zein da etxean elkarrekin prestatzea gustatzen zaizuen errezeta hori? Konta iezaguzu Facebooken, X-en, Instagramen edo TikTok-en.

BM Kontuaren SMS komunikaziorik jaso nahi ez baduzu, harpidedun izateari utzi dezakezu zure profilean hemen sartuz edo 900 555 300 telefonora deituz.