
BM errezetak
Gazta-tarta
OSAGAIAK
(Lau lagunentzako)
550 gramo gazta-krema
4 arrautza
230 gramo azukre
10 gramo irin
275 ml esnegain (koipea, % 35)
BEHARREZKO TRESNAK
Molde desmuntagarri bat, 20 cm-ko diametrokoa
Laberako landare-paper lamina bat
NOLA PRESTATU
Hasteko, aurretiaz labea 200 gradutara berotuko dugu. Ondoren, katilu handi batean, 550 gramo gazta-krema eta lau arrautzak banan-banan botako ditugu, arrautza bakoitza bota ondoren ondo nahastuz. Hagaxka batzuekin ondo irabiatu eta bateratuko dugu nahasketa.
230 gramo azukre gehituko diogu nahasketari, eta berriz nahastuko dugu ondo. Ondoren, 10 gramo irin bota, eta berriz irabiatuko dugu dena. Azkenik, 275 ml esnegain gehitu, eta berriz, ere ondo irabiatu eta bateratuko ditugu osagai guztiak.
Behin nahasketa prest dugunean, laberako landare-paper lamina zimurtu eta pixka bat hezetuko dugu, moldean errazago jarri ahal izateko. Jarraian, lamina eskuekin zabaldu, soberan duen ura kentzeko pixka bat astindu, eta moldean jarriko dugu.
Gazta-nahasketa moldera isuriko dugu, landare-papera dagoeneko jarrita dugunean.
Moldea labean sartuko dugu, 200 gradutara, berotasuna gainetik zein azpitik botatzen duela, eta 40 minutuz edukiko dugu altuera ertainean-baxuan, nahasketaren gainaldeak tonu horixka hartzen duen arte. 40 minutuak igaro baino lehen gehiegi doratzen bada, aluminio-paperez estal dezakegu.
40 minutuak igarotzen direnean, moldea labetik aterako dugu. Tarta eginda ez dagoela iruditu arren –izan ere, mugitu eta pixka bat hondoratu egingo da–, ez kezkatu, normala da, pare bat ordu igaro ondoren, testura egokia hartuko du. Moldetik kontu handiz atera, eta zerbitzatu egin dezakegu, edo hotzetan gorde.
Eta gozatzera!