
Elikadura osasungarria
Fruitu gorriak eta dituzten onurak: norentzako dira gomendagarriak eta norentzako ez
Marrubiak, gereziak, ahabiak, mugurdiak, masustak, andere-mahatsak eta goji-baiak dira fruitu gorrien edo basoko fruituen taldean sar ditzakegunetako batzuk. Gehienak sasoiko frutak dira, eta hilabete beroak dira horiek kontsumitzeko egokienak, nahiz eta badauden urte osoan aurki ditzakegun batzuk ere.
Klima epeletan hazten diren tamaina txikiko baiak dira gehienak. Kolore bizia eta zapore suabe eta goxoa dute.
Gluzido-proportzio txikia dute, beraz, kaloria kopuru txikia (40 kilokaloria 100 gramo bakoitzeko). Izan ere, fruituon edukiaren % 90 inguru ura da; horrenbestez, ideala da pisuari eusteko edo pisua galtzeko dieta duten pertsonentzako. Honako onura hauek dituzte, besteak beste:
- Antioxidatzaileak: fruitu gorriek polifenolak dituzte, hesteetako bakteriekin kontaktuak, gaitasun antioxidatzaile handiko metabolitoak sortzen dituzten konposatu bioaktiboak. Horrenbestez, hainbat gaixotasun kroniko prebenitzen laguntzen dute, hala nola diabetesa eta Alzheimerra eta antzerako endekapenezko gaixotasunak.
- C bitamina: 100 gramo marrubik, esaterako, egun bakoitzerako gomendatzen den C bitamina kopuruaren % 100 du. Bitamina horrek burdinaren xurgapenean parte hartzen du; horregatik, onak dira anemiari aurre egiteko; immunitate-sistemarako ere onuragarria da, eta osasuntsu mantentzen ditu hortzoiak, hezurrak eta odol-hodiak.
- Zuntza: urdaila eta hesteak osasuntsu izateko garrantzitsua. Egunero zuntz kopuru egokia kontsumitzeak (35 gramo gizonek, eta 25 gramo emakumeek) apetitua kontrolatzen du, egonkor eusten dio odoleko glukosa-mailari, eta LDL kolesterol-maila ere (kolesterol txarra) murrizten du.
Fruitu gorriak:ez dira guztientzako modukoak
Ikusten ari garen bezala, fruitu gorriak dietan sartzeko jaki interesgarriak dira, dohain ugari dituztelako. Baina badaude fruitu gorriak jaterik komeni ez zaien bi talde: giltzurrunetako patologiak dituzten pazienteak eta antikoagulatzaileak hartzen dituztenak.
Azido oxalikoa dute fruitu hauek –baita beste elikagai batzuek ere, hala nola ziazerbek, piperrek, kakaoak...–, eta azido horrek gatz batzuk osa ditzakete mineral jakin batzuekin (kaltzioarekin eta burdinarekin, esaterako); horrela, oxalato-kristalak sor daitezke, giltzurrun-tubuluak buxa litzaketenak. Horregatik, giltzurrunetako arazoak dituztenek mugatu egin beharko lukete gatz mota hori kopuru handitan duten elikagaien kontsumoa, giltzurrunetan harriak agertzeko arriskua murrizteko.
Fruitu gorriek, kiwiak, ahuakateak eta madariek K bitamina kopuru neurritsua dute, eta bitamina hori lotuta dago odolaren koagulazio-prozesuarekin. Gorputzak kopuru txikia sortzen duenez, elikagaiak dira bitamina hori lortzeko iturri nagusia. Horregatik, antikoagulatzaile-tratamendua duten pertsonek neurtu egin beharko lukete fruitu hauen kontsumoa, eta K bitamina kopuru txikiagoa duten beste fruta batzuk lehenetsi. Dieta orekatu baterako, egunean hiru fruta ale jatea kontsumitzen da.
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |