
Sasoiko produktua - Rocío Narbaiza (Farmazialaria & Nutrizionista)
Esneko arkumearen sekretuak
Esneko arkumea Ovis generoko edozein espezietako animalia da, oraindik titia kendu ez zaiona eta 45 egun baino gutxiagokoa. Animaliaren adinaren araberakoa da haragi honen koipe kopurua. Horrela, zenbat eta adin handiagoa, orduan eta koipe kopuru handiagoa.
Esneko arkumeak 4,5 eta 7 kilo arteko pisua du. Arrosa kolorekoa da arkumearen haragia, eta testura suabe eta urtsua du. Gure herrialdean, oso haragi estimatua da eta asko kontsumitzen da, sustraitutako tradizioa baita, gure sukaldaritza mediterraneoko produktua tipikoa delako, Eguberrietan batez ere; sasoi honetan hazi egiten da arkumearen kontsumoa.
Haragi gorria da, txahalarena edo txerriaren atal batzuena bezala. Mioglobinak zehazten du haragi bat zuria edo gorria den; mioglobina odolean dagoen proteina bat da, eta haren eginkizuna da muskuluetako zeluletan oxigenoa gordetzea.
Esneko arkumea:balio handiko proteina, koipea eta B bitamina
- Proteina-iturria: Haragi gehienekin gertatzen den bezala, proteina da arkumearen osagai nagusia, % 25 ingurukoa. Proteina horiek, gainera, balio biologiko handikoak dira, 9 aminoazido esentzial baitituzte, beharrezkoak direnak muskulu-ehunak suspertzeko edo hazteko, hala nola ebakuntza ondoko garaietan edo kirol-jarduera bizien ondoren.
- Koipe monoasegabea du:Koipe proportzioa ezberdina da animaliaren adinaren eta beste faktore batzuen (elikadura, arra edo emea den) arabera. Arkumearen koipea asea eta monoasegabea (azido oleikoa) da gehienbat; azken horrek onura frogatuak ditu. Koipe asea, halaber, arrisku kardiobaskularreko faktoreekin lotuta dago. Hala ere, berriki egin diren azterketek ez dute hori baieztatzeko behar adinako ebidentziarik aurkitu.
- B taldeko bitaminak: B12, B3 eta B6 dira presentzia handiena duten bitaminak. Energia eskuratzen hartzen dute parte, batez ere, talde horretako bitaminek. Zehatzago esanda, B3 bitaminak metabolismoan parte hartzen du, eta ikusi da oso lagungarria izan daitekeela buruko hainbat gaixotasunen tratamenduan, Alzheimer gaixotasunarenean kasu. B12 bitamina, berriz, ezinbestekoa da globulu gorriak sortzeko eta ehunak birsortzeko. B6 bitaminak immunologia-sistema mantentzen ere laguntzen du.
- Mineralak: Zinka eta fosforoa, batez ere. Zinka ezinbestekoa da hazkuntzarako; gainera, hainbat hormona (intsulina adibidez) sortzen parte hartzen du. Fosforoa, bestalde, hezurren eta hortzen osagaia da, eta hazkuntzan ere badu eragina.
Laburbilduz, arkume-haragia haragi gorria da, beste haragi batzuekin alderatuta koipe kopuru nabarmena duena. Hala ere, batez ere monoasegabea da duen koipea, osasunerako kontrastatutako onurak dituena, baita asea ere, zeinaren eragin kaltegarriak zalantzan dauden. Hala eta guztiz ere, haragi gorria noizean behin bakarrik kontsumitzea gomendatzen da, astean 125 gramo (errazio bat) gehienez.
Rocío Narbaiza: Farmazialaria & Nutrizionista |