Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Osasuna

Elikadura eta loa

Elikadura oso lotuta dago loarekin. Horregatik, gure jateko ohituren arabera, hobeto edo okerrago lo egingo dugu. Kalitatez lo egin nahi badugu, elikadurari buruzko jarraibide egokiak kontuan hartu behar ditugu eta oheratu aurretik ze elikagai jaterik komeni ez zaigun jakin behar dugu. Ez dezagun ahaztu, gainera, ariketa fisikoa egiteak eta egoneko bizimodua saihesteak ere lagunduko digutela errazago lo hartzen.

Arau nagusia honako esaera zaharrean aurkitzen dugu: “Gosaldu errege batek bezala, bazkaldu printze batek bezala eta afaldu eskale batek bezala”. Lotaratu aurretik janari astunak jateak oztopatu egin dezake loaren prozesua, denbora gehiago beharko baitugu digestioa egiteko. Horregatik, gomendagarriena da afari arina prestatzea, oheratu baino hiru bat ordu lehenago, gutxienez, zure organismoak ondo digeritu dezan jandakoa, lotara joan aurretik.

Arau hori betetzen badugu, loarekin lotutako arazo asko saihestuko ditugu. Hala ere, kontuan izan elikagai batzuek, berez dituzten ezaugarriengatik, zaildu egiten dutela loaren prozesua eta, beraz, ez da komeni afarian horrelako janaririk jatea.

Alkohola
Kontrakoa dirudien arren, oheratu aurretik alkoholdun edariak edateak ez du loak hartzen laguntzen. Ardo basoerdi bat hartzen baduzu, baliteke lehenago loak hartzea, baina gauaren erdian eragina izango du loarengan.

Koipeak
Koipe askoko elikagaien digestioa geldoagoa da. (hestebeteak, gazta, saltsak edo frijitutako janariak, besteak beste). Gainera, horrelako produktuen eraginez, azido klorhidriko gehiago sortzen du gorputzak eta, horrek, era berean, bihotzerrea sortzen du eta gehiago kostako zaigu loak hartzea.

Edari pizgarriak
Edari pizgarri batzuek, kafeak edo teak, esaterako, metilxantinak dituzte; substantzia horrek euforia eragiten du eta, horrela, ezingo dugu lo sakon egin. Edari horiek saihestu egin behar dira, baina, ez gauez bakarrik. Kafeinak edo teinak zuregan eragin handia baldin badute, hobe izango duzu egunean zehar ere ez edatea; izan ere, gauera arte luza daiteke horien eragina.

Txokolatea
Egunero ontza bat txokolate beltz jateak bihotza osasuntsu edukitzen lagun diezazuke, baina ez ezazu oheratu aurretik jan. Kakaoak teobromina substantzia dauka, metilxantina mota bat, eta pizgarria da hori ere; beraz, nahasmenduak eragin ditzake loarengan.

Gozoak
Oro har, ez dira gomendagarriak, izan ere, odoleko azukre-maila oso azkar igo dezakete eta gauaren erdian berriro jaitsiko zaigu. Ziur asko, erraz hartuko zaitu loak, baina azukrearen gorabeherek ez dizute loari eusten utziko.

Espeziak
Espezia mindun janariak kaltegarriak dira loarentzako, gorputzaren tenperatura igotzen baitute.

Elikagai diuretikoak
Ez da gomendagarria elikagai diuretiko gehiegi hartzea ere.Izan ere, organismoko likido kopurua handitzen dute eta, beraz, hori kanporatzeko beharra izango dugu; horren eraginez, loa behin berriro eten beharra izango dugu, pixa egiteko.

Aholku soil hauei jarraitzen badiezu, ziur aski, laster esan ahal izango duzu amets goxoak izan dituzula. Ondoloin!