
Mugi zaitez
Egunero oinez ibiltzeko 5 arrazoi
Kirola egiteak ez du esan nahi korrika arin egin behar denik. Egunero pauso azkarrean ibilaldi bat egitea bezain ariketa sinple batek bizitza-estilo osasungarriagoa izaten lagun diezazuke. Hori bai, zenbat eta azkarrago, urrutiago eta maiztasun handiagoz ibili, orduan eta handiagoak izango dira onurak. Saia zaitez egunean gutxienez 30 minutuz jarduera fisikoa egiten.
Hauexek dira egunero ibiltzearen abantaila nagusiak.
- Bihotza indartzen du. Ordu erdiz pauso azkarrean ibiltzeak tentsioa eta infartu bat sufritzeko arriskua murrizten ditu.
- Hezurrak eta artikulazioak indartzen ditu. Oinez ibiltzeak gutxiago exijitzen die artikulazioei, baina erritmo onean ibiltzeak jarduera aerobiko batek dituen onura guztiak eskaintzen ditu.
- Azukrea jateko gogoa kontrolatzen laguntzen du. Estres egoerek gozo-gauzak jateko tentazioan erortzera bultza gaitzakete. Hori saihesteko, jantz itzazu zapatilak, eta irten kalera. Paseatzera joateak efektu antsiolitikoa sortzen du organismoan.
- Umorea hobetzen du. Euforia sortzen duten endorfinak jariatzen dira. Zenbat eta biziagoa kirola, orduan eta indartsuagoa da efektu hori.
- Muskuluak indartzen ditu. Ariketa osoa da. Zangoak lantzen dira, eta indartu egiten dira gluteoak, bizkarreko muskuluak, sabelaldea eta besoak.
Gehiago... eta hobeto ibiltzea
Ibiltzera irteten zarenean, zain ezazu zure postura, artikulazioetan, lepoan edo bizkarrean lesioak eta minak saihesteko. Har itzazu kontuan aholku hauek:
- Burua tente: begira ezazu aurrerantz, eta ez beherantz.
- Lepoa eta sorbaldak lasai: saihets ezazu altxatzea, eta ez itzazu tenkatu.
- Bizkarra zuzen: ez okertu aurrerantz edo atzerantz.
- Kulunkatu besoak: mugi itzazu modu naturalean, eta ukalondoak pixka bat tolestuta.
- Urdaila tentsionatuta: sabelaldeko muskuluak indartzen ditu, eta pisua banatzen du.