
Elikadura osasungarria
Edamamea: liluratuko zaituen aperitibo osasungarria
Edamamea azkenaldian denen ahotan dabilen (ez dago hobeto esaterik) elikagai “berri” horietako bat da. Kaloria kopuru txikia duenez eta sukaldean aukera ugari eskaintzen duenez, dieta osasungarri guztietako ezinbesteko jaki bihurtu da; ohiko baliabidea da, gainera, aperitibo osasuntsu bat bilatzen dutenentzako.
Asiakoa da jatorriz (oso ohikoa da txinatar, japoniar eta korear sukaldaritzetan), eta lekan hazten den heldu gabeko soja edo soja uxterra da, funtsean, edamamea, nahiz eta inguru horietan prestatzeko modurik ohikoenera mugatzen den definizioa: uretan gatz pixka batekin egosita.
Zapore gozoa du, eta lekadun baben edo ilar uxterren antzerako testura; edamame edo sayamamea landare jatorriko proteina (12 gramo 100 gramo bakoitzeko) eta zuntz (6 gramo) iturri bikaina da. Kaltzio, burdin, fosforo, sodio, manganeso eta B eta K bitamina kopuru handia ere badu. K bitaminari dagokionez, esaterako, EGKren % 35 eskaintzen digu.
Nola presta dezaket edamamea?
Lehen azaldu dizugun bezala, uretan egostea (bospasei minutuz) edo lurrunetan egitea eta norberaren gustuaren arabera gatzitzea (pasatu gabe) da prestatzeko modu tradizionala. Hala ere, askotariko gatzitzeak edo ongarriak onartzen ditu: piperbeltza, piperrautsa, txilea, baratxuria, soja-saltsa, lima, limoia, etab.
Haziak jateaz gain (normalean pipitak bailiran jaten dira, lekak baztertuta), haziok atera eta entsaladan, pokearekin, arrozarekin edo pastarekin ere jan daitezke. Birrindu ere egin daitezke, eta saltsa edo hummus goxo bat prestatu, plater horiei gehitzeko.